Autismoaren Kontzientziazinoaren Munduko Eguna ospatzeko ekitaldiak amaitzeko, APNABI Autismo Bizkaiak Autismoa martxan! martxa solidarioa egingo dau apirilaren 19an Santurtzin, bertako Udalaren eta Laboral Kutxaren lankidetzeagaz. Autismoa daukien pertsonei eta euren familiei laguntzeko, ekimenean 1.500 pertsona batzea itxaroten dabe. Ekimen solidario honen bitartez, alkarteak autismoaren eta kolektiboaren onarpen sozialaren inguruko sentsibilizazinoa bultzatu gura dau. Aurretik, apirilaren 14an, Santurtziko herritarrei zuzendutako hitzaldi bat egingo da Casa-Torre Jauregian. Sarrerea doakoa izango da, baina aldez aurretik izena emon beharko da APNABI Autismo Bizkaiaren webgunean.
Autismoa martxan! martxa solidarioa
Autismoa martxan! ekimenaren aurtengo edizinoa apirilaren 19an egingo da. Martxa solidarioa 10:30ean hasiko da Santurtziko Arrantza portutik, eta 3,5km egingo dauz ibilbide irisgarri baten zehar. Amaieran, Las Viñas ikastetxe publikoko jolastokian, haur eta kirol jolasak, autismoari buruzko informazinoa guneak eta pertsona guztiei egokitutako jai giroa izango dira. Izen-emote bakotxagaz (8€), hau da, APNABIren aldeko ekarpen solidarioagaz, parte-hartzaile bakotxari elastiko oroigarri bat emongo jako eta hamaiketakoa jasoko dau.
Izena emoteko epea apirilaren 15ean amaituko da. Izen-emotea APNABIren webgunearen edo Rock The Sport plataformearen bidez egin daiteke.
Aurten Santurtzik 2025ean Leioan egindako martxa arrakastatsuaren lekukoa hartuko dau. Igaz 1.200 parte-hartzaile izan ziran. APNABIk urtero eroaten dau ekimen hau Bizkaiko udalerri desbardin batera, kolektiboaren ikusgarritasuna bultzatzeko eta autismoa daukien pertsonakaz eta euren familiakaz gizarte justuagoa eta solidarioagoa eregiteko helburuagaz.
Era berean, zezeila eta apirila bitartean, APNABIk sentsibilizazino-berbaldi ugari emoten dabil Santurtziko ikastetxeetan. Lehen Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailako ikasleei zuzenduta, 700 ikasle inguruk parte hartuko dabe jardunaldi horreetan. Autismoaren errealidadea ikasgeletara hurreratzea eta ikasleei autismoa daukien ikaskideak hobeto ulertzeko tresnak emotera bideratuta dagoz berbaldiak.
APNABI Autismo Bizkaia
APNABI Autismo Bizkaia 48 urteko ibilbidearen ostean, bere arloan eta Bizkaia zein Euskadiko esparruan erreferente dan irabazi-asmorik bako alkartea da. Laguntza eta aukerak eskaintzen deutsez autismoa daukien 2.200 pertsona eta familia baino gehiagori, ibilbide luzeko 450 profesional baino gehiago daukan talde baten eskutik eta inguruko ehunka eragilegaz lankidetza bizia izanez. Bizkaian 30 zentrok osotutako sarea dauka.
Santurtzin 120 pertsonen jasotzen daben APNABIren laguntzea. Gehienak adin txikikoak dira (%60). Ezkerraldean, danetara, 500 pertsona dagoz alkartean.