Begoñazpi, Nazioarteko Batxilergoko ziurtagiri ofiziala jaso dauen Bilboko lehen ikastola

Txurdinagako ikastola hau erreferentea da hezkuntza barritzailean, eta ziurtagiria jaso dau bost urteko espezializazinoaren ostean

Begoñazpi ikastola Nazinoarteko Batxilergoko – International Baccalureate ziurtagiri ofiziala jasoten dauan Bilboko lehen ikastolea da. Pentsamentu kritikoa, ikerketa eta pentsamolde globala sustatzen dauan munduko hezkuntza programa hau, mundu osoko 150 herrialde eta 5.000 ikastetxe baino gehiagotan zabalduta dago. Hain zuzen be, Bilboko ikastola honek Bigarren Hezkuntzan esparru pedagogiko hori ezarri dala egiaztatzen dauan Nazinoarteko Batxilergoko Bitarteko Ikasketen Programaren (BIP) ziurtagiria jaso dau.

Azken bost urteotan Bigarren Hezkuntza osoan martxan jarri ondoren, Genevan sorturiko erakundeko nazioarteko talde ebaluatzaile batek Ikastolari, eginiko lana aztertu eta ikusi ondoren, hezkuntza-etapa honetako prestakuntza egiaztatzen dauan ziurtagiri ofiziala emon deutso. “Gertaera eta une garrantzitsua da ikastolarentzat; ikastetxe honen ezaugarri nagusia euskal hezkuntzan abangoardian egotea izan da, eta orain, beste urrats bat emon dogu lidergo horretan”, adierazi dau Begoña Bañuelosek, Begoñazpi Ikastolako zuzendariak.

1994an munduko hezitzaile eta psikologo handien eskutik, Nazinoarteko Batxilergoak Bitarteko Ikasketen Programa sartu eban. Bigarren Hezkuntzan ezarten dan programa honek, “hezkuntzaren arauak aldatuko dauz”. Izan be, ikuspegi pedagogiko barritzaile honek pentsamendu kritikoa indartu, ikaslearen ikertzeko mentalidadearen zein ikasteko nahiaren alde egin eta etorkizun profesinonalerako ezinbestekoa dan une batean ikaslea ikasketak kudeatzeko prestauko dau. Gainera, BIPk ikasleei hezkuntza-programa hau txertatuta dagoan munduko beste herrialde batzuetan ikasteko modua be emongo deutse.

Eredu honek, arauak be aldatuko dauz ebaluazinoan; ikasleak berak ebaluatuko ditu bere lan batzuk eta  hezkuntzan zenbat aurreratu dauan (hezkuntza-progresinoa). Gainera, International Bacaleaureteren erakundeak be zenbait fasetan, ikasleen lanari nota jarriko deutso, adibidez, Proiektu Pertsonalean. Zeregin horretan, DBHko 4. mailako neska-mutilek, hainbat hiletan, euren intereseko/gogoko arloa aztertu ondoren, proiektua osotu eta jendaurrean azalduko dabe, autokudeaketa, ikerketa, komunikazinoa eta pentsamentu kritikoa eta sortzailea sustatuz eta sendotuz. Erakundeak dinoanez, “mundu osoan bikaintasun-estandar koherentea bermatzeko” Nazinoarteko Batxilergoko ikuskatzaileek kanpotik ebaluauko dabe lan bakotxa.

Ikasleen ezaugarriak

Bitarteko Ikasketen Programa ikasleen urteera-profil batetik abiatuko da. Honeexek izango dira ikasleen gaitasun edota trebetasunak: informatuak eta ikasiak, ikertzaileak, komunikatzaile onak, osoak, solidarioak, ausartak, gogoetatsuak, orekatuak… Hortik aurrera, sistema metodologikoak irakasgaien gainetik dagozan kontzeptuetan oinarrituko dau irakaskuntza. Bañuelosek hauxe adierazi dau: “BIPk, dimentsino edegiagoa  emonez, bertan sartuta dagozan ikasgaien etiketak apurtu egingo dauz,”

Holan dala, BIPk urteera-profilean deskribatutako trebetasunak landuko dabezan hainbat ikuspegi ezarriko dauz. Beraz, ezaugarri horreek garatu ahal izateko, irakasgaiak taldeetan bilduko dira. Adibidez, “zientzia”, “hizkuntzen jabekuntza”, “norbanakoak eta gizarteak”, “arteak”, “diseinua”, “gorputz eta osasunerako hezkuntza”… Eta bloke handi honeetako bakoitzean, ikasgai bat beste barik ikastera mugatu beharrean, euren artean lotura daben kontzeptu giltzarriak be jorratuko dira. “Frantziako Iraultza ikasten dogunean, gertakari historikoak gainditzen dabezan kontzeptuak egongo dira, ba, horreek be ikasi egin beharko dira. Esaterako, ‘iraultza’ren kontzeptua ezarten badogu, horrek beste egoera eta ingurune batzuetara estrapolatzeko aukera emongo deusku, esate baterako,  industria-iraultzara” adierazi dau zuzendariak.

Bilboko ikastola hau, besteak beste, robotika eta xake ikasgaietan ezezik, kontserbatorioko musika-ibilbidean be erabiltzen dauazan metodologia barritzaileengaitik aitzindaria da. Azken baten, hezkuntza- eta lan-etorkizunari aurre egiteko hobeto prestatutako ikasleak bilatuko dauazan hezkuntza-eredu eraldatzaileari, modu koherentean, eutsi eta ekingo deutso eta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00