Amaiera bako gainbeherea (2-0)

Hamazortzigarren porrota jaso dau Athleticek Espanyolen zelaian, betiko akatsak errepikatuta
Ernesto Valverdek aurrealdean zelairatu dau Iñaki Williams baina kapitainaren errendimentua ez da ona izan / Athletic Club

Athleticek liga txapelketako hamazortzigarren porrota jaso dau, oraingoan Espanyolen zelaian 2-0 galduta. Talde perikitoak hamazortzi jardunaldi eroiazan irabazi barik eta zuri-gorrien aurka apurtu dau boladea, Pere Millak eta Kike Garciak bigarren zatian sartutako golei esker. Valverderen ekipoak partidu negargarria egin dau, bigarren zatian batez be. Jardunaldi bi geratzen dira liga txapelketea amaitzeko eta, matematikoki baino ez bada be, mailea galtzeko aukerak ez dira desagertu.

Hamar denporaldi egin dauz Ernesto Valverdek Athleticen aulkian eta behin baino gehiagotan esan dau inoiz ez dauela aurten beste sufridu. Partiduak joan, partiduak etorri, taldearen jokoak hoberantz barik txarrerantz egin dau. Danok pentsetan genduan Mendizorrotzan irabazi izanak amaiera emon eutsola zuri-gorrien kurutzebideari baina, zoritxarrez, ez da holan izan. Valverderen ekipoak ezin izan eutson irabazi Valentziari San Mamesen eta galdu egin dau Cornella El Prat, entrenatzaileak norgehiagokari garrantzi handia emon arren.

Zazpi aldaketa egin dauz entrenatzaileak hasierako hamaikakoan Espanyoli aurre egiteko. Lehenengo zatian, talde biek erakutsi dabe zergaitik dagozan krisian. Zuri-gorrienak izan dira gol aukera garbienak Unai Gomezen -bi bider- eta Berenguerren eskutik. Unai Simonek ez dau ia lanik izan.

Athletic eroso egoan husnako bardinketeagaz, erasoan gauza handirik -ezer bere ez- egin ez arren, aurkariak ez ebalako arriskurik sortzen. Etxeko entrenatzaileak garaipenaren aldeko apostua egin dau bigarren zatiko 63 minutuan Pere Milla eta Jofre zelairatuta. Handik gitxira iritsi da etxeko taldearen lehen gola Athleticek txarto defendidu dauen jokaldi baten. Romeroren erdiraketea ezkerretik eta Millak sareetara bialdu dau baloia Yerayri aurrea hartuta. Gol horrek erabagita itxi dau norgehiagoka, Athletic ez dau-eta erantzuteko gaitasunik erakutsi. Jake mate. Valverdek behin eta barriro esan dauen legez, aurkariak gauza gitxi egin behar dau zuri-gorrien atea zulatzeko.

Ikusitakoa ikusita, ez dago zalantzarik. Lehenbailehen amaitu daitela denporaldia. Europaz berba egiteak -aukera matematikoak hortxe badauz be- lotsea emoten dau taldearen joko negargarria ikusita. Arazo itzelak arriskua sortzeko aurkariaren atean eta bigunegi norberaren arean. Holan ez dago inora joaterik. Edin Terzicek, Jon Uriartek eta bere taldeak hurrengo urte bietarako fitxau daben entrenatzaileak, zeregin gatxa dauka aurretik taldea berbizteko. Gatxa da ulertzen zelan makaldu dan horrenbeste Athletic urte batetik bestera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00