Bilbo Europa mailako bluesaren erreferente legez sendotu gura dau Bilbao Blues Festivalek bosgarren edizinoan. Jaialdia garagarrilaren 24tik 26ra egingo da Areatzan, doan eta edonorentzat zabalik. Nazinoarteko proiekzinoa daben artistak nahiz tokiko talentua bilduko dauz.
Egitarauko hitzordu nagusietako bat Bilbao All Star Blues Band izango da. Jaialdirako propio sortutako taldeak Willie Buck, Bob Stroger, Teeny Tucker, Anthony Geraci edo Jimi Primetime Smith lako bluesaren izen handiak alkartuko dauz. Horrez gain, The Cherry Boppers, Patricia Reckless, Judith Hill, Mark Hummel, Ivan Singh, Ian Siegal, Blues Train, Skyler Saufley eta Travellin ‘Brothers-ek be joko dabe Areatzako agertokietan.
Bilboko Udalaren esanetan, jaialdiak urtez urte sendotu dau bere lekua nazinoarteko bluesaren panoraman, publikoaren erantzunari eta kalidadeko programazinoaren alde egindako apustuari esker. Antolatzaileen helburua estiloaren erreferente handiak eta proposamen barriak buztartzea da, publikoak askotariko blues-eskaintzea izateko.
Musikaz harago, egitarauak beste hainbat jarduera be izango dauz. Garagarrilaren 25ean Guggenheim Bilbao Museoan esklabotzaren abolizinoaren aldeko ekintzaile feministei buruzko berbaldia egingo dabe, eta hilaren 26an Volotea Blues Challenger lehiaketearen hirugarren edizinoko finala jokatuko da. Gainera, Travellin ‘Brothers taldeak Bilbao Blues Festival Saria jasoko dau, hamarkada bitik gorako ibilbide arrakastatsua autortzeko.