Bilboko BBK Aretoa jentez gainezka izan zan atzo, Bizkaia Irratiaren eta Radio Popular de Bilbao-Herri Irratiaren urteurrenak ospatzeko, 35 batak eta 65 besteak, 100 Irrati Urte ekitaldia eratuz. Bertara joandakoen artean, On Joseba Segura Bilboko gotzaina, Ibone Bengotxea lehen lehendakariordea eta Hizkuntz Politika, Kultura eta Kirol sailburua, Mikel Torres bigarren lehendakariordea Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Juan Mari Aburto Bilboko Alkatea, Unai Rementeria BBKko presidente, Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburua, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua… EAJ, EH Bildu, PSE-EE, PP eta Elkarrekin Podemoseko ordezkariak, gizarteko hainbat erakunde eta arlotakoekin batera.
Saridunak
Bizkaitik Bizkaira saria izan zan lehenengoa. Bizkaia Irratia eta Radio Popular de Bilbao-Herri Irratiko entzuleek Bizkaiko herri “onena” aukeratzeko erea izan eben irratsaio desbardinetan. Mungia aukeratu eben entzuleek. Alaitz Erkoreka alkateak jaso eban saria. Olatz Candinak emon eutson, Metro Bilbaoko komunikazino arduradunak. Juan Mari Iraolagoitia saria be emon zan. Euskera arloa saritu zan kasu honetan. Adolfo Arejita euskaltzaina eta Labayru Fundazioko kidea saritu zan batetik, eta bestetik Janire Atxurra euskerazko eduki-sortzailea sareetan. Ibone Bengoetxea Lehendakariorde eta Sailburuaren eskutik jaso eben saria. Jose Iragorri sariak barriz, Athletic futbol taldean egindako ibilbidea aitortu gura izan eban. Kasu honetan, Iñigo Lekue izan zan sariduna, hamaika denboralditan zuri-gorri izandakoa eta taldeko kapitaina. Bideoz eskertu eban aitortza jokalari ohiak. Saria barriz, Andoni Goikoetxeak jaso eban. Kultura arloko Geureaz Harro sariak, euskerea eta euskal kulturea munduan zehar zabaltzen ahalegin handia egiten dauan Agus Barandiaranen lana aitortu eban. Honek, Juan Mari Aburto Bilboko alkatearen eskutik jaso eban saria eta musika ekitaldia eskeini Itxas Argiako dantzariakaz batera. Kombativas saria bitartean, emakumeek kirol arloan egiten daben lana aitortuz, Enara Gaminde pelotariak jaso eban. Amaia del Campo Barakaldoko alkateak emon eutson. Enbor saria be emon zan. Kasu honetan, irratietan babesle izan diran enpresa bi aitortu ziran, Amuriza Teilatuak batetik, Bizkaia Irratian eta Indupime bestetik, Radio Popular de Bilbao-Herri Irratian. Ibon Amurizak eta Roberto Mendez Lopezek jaso ebezan sariak Mercabilbaoko zuzendaria dan Aitor Argoteren eskutik. Alkartasuna eta laguntasuna aitortzeko bestalde, Bihotz On saria emon zan. Pilar Urruzuno eta Karlos Fraile ondarrutar bikotea izan zan hartzailea. Umeen urgentziazko harrera familia da eurena. Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak emon eutsen saria. Azkenik, Angel Mari Unzueta saria emon zan, Eleizeagaz lotutakoa. Caritas Bizkaiak jaso eban saria, On Joseba Segura Bilboko Gotzainaren eskutik. Tor Magoaren saioagaz amaitu zan ekitaldia.