Madagaskar eta Kubako folklorea Galdakaon

Folklore Bizian jaialdiaren 39. edizinoa eguenean eta barikuan Kurtze plazan

Folklore Bizian jaialdiaren 39. edizinoa hartuko dau Galdakaok garagarrilaren 16an eta 17an, eguena eta barikua, Andra Mari Eusko Dantzari taldeak Udalaren laguntzagaz antolatuta. Emonaldiak Kurtzeko plazan izango dira, eta doakoak izango dira. Aurtengo edizinoan Afrikako eta Karibeko kulturak izango dira protagonista. Madagaskartik Benja Gasy talde folkloriko nazionala iritsiko da. Kubatik, barriz, Camagua talde folklorikoa. Talde biek euren herrialdeetako folkloaren adierazpenik esagunratsuenak ekarriko dabez Galdakaora, musikearen, dantzearen eta jantzi tradizionalen bitartez.

Benja Gasy folklore alkarte nazionala 1998an sortu zan Madagaskarren. Gaur egun herrialdeko sei eskualdeetako musika eta dantzak oholtzara eroan dauan talde bakarra da. Emonaldietan, eskualde bakotxeko jatorrizko musika tresnak, jantziak, orrazkerak eta hizkerak buztartzen dabez, herrialdearen kultura aniztasuna eta folklorearen aberastasuna mundu osoan ezagutarazoteko helburuagaz.

Camagua folklore taldea Fernando Medrano Vireya irakasleak 2011n sortutako konpainia da. Karibeko tradizinoen sustraietan zehar egindako bidaia proposatzen dau, musika, dantza eta jantzi tradizionalen bidez. Bere ikuskizuna dinamismo handiko eszenez osotuta dago, eta Kubako kulturaren bizitasuna, afro-latino izaera eta herrialdearen nortasun berezia islatzen dauz.

Egun bietako emonaldiak 20:30ean hasiko dira, eta saio bakotxaren ostean, jai giroak jarraipena izango dau, Ad Libitum txistu banda, food trick-a eta konbidatutako taldeen zuzeneko musikeagaz. Galdakaoko Udalak herritarrak animetan dauz kurtzeko plazara hurreratu daitezan eta nazinoarteko folkloreaz, musikaz eta kultur aniztasunaz gozatzera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00