Minutu bateko orro batek Atletico Madril suntsitu dau (3-0)

Athleticek gol bi sartu ditu bigarren zatiko lehen jokaldi bietan eta Sancet erakustaldira batu da azken minutuan
Oihan Sancetek sartu dau lehoien hirugarren eta azken gola / Athletic Club

Athleticek Atletico Madril 3-0 menderatu dau San Mamesen, ligako 4. jardunaldiko partiduan, bigarren zatiko lehen jokaldi bietan Nico Williamsek eta Robert Navarrok sartutako golei esker. Ganera, Oihan Sancetek lehoien hirugarrena sartu dau 90. minutuan, erakustaldia guztiz borobiltzeko. Kontuak kontu, Athleticek garaipen bi kateatu ditu, Celta eta Atletico Madrilen kontra, ligako lehen partidu biak galdu ostean, Sevilla eta Bartzelonaren aurka. Beraz, sei puntu eskuratu ditu dagoeneko talde bilbotarrak aurtengo ligan, sailkapeneko zortzigarren postura salto emonda.

Lehen hiru jardunaldietan, aldaketa ugari egin ebazan Edin Terzicek hasierako hamaikakoetan partidu batetik bestera. Dana dala, eta astebeteko atsedenaldia euki eta gero, nobedade bi bakarrik zelairatu ditu entrenatzaile alemaniarrak: Yeray eta Nico Williamsek partidu hasi dabe Paredes eta Berenguerren ordez. Norgehiagoka hasi eta berehala, sustoa jaso dau Athleticek. Izan be, Kang-In Leek zutoinera errematau dau. Aitatutakoa ez da Atletico Madrilek lehen zatian zutoinera egindako erremate bakarra izan. Luzapenean, Barriosen erdiraketak zutoinean jo dau, kornerrera joan aurretik. Lehoiei jagokenez, Oihan Sancetek euki dau lehen zatiko aukerarik onena.

Paredesek Yerayren tokia hartu dau atsedenaldian. Barakaldoko atzelariak kolpe gogorra jaso dau buruan lehen zatiaren amaieran eta zelaia utzi behar izan dau. Hain zuzen be, buruan eukiko dabe athleticzaleek luzaroan bigarren zatiaren hasieran ikusitakoa. Lehoiek gol bi sartu dabez bigarren zatiko lehen hurreraketa bietan. Nico Williamsek Athletic aurreratu dau markagailuan buruz egindako erremati bati esker eta Robert Navarrok beste gol bat sartu dau jarraian, baloia ondo gurutzatuta, Iñaki Williamsen pasea jaso eta gero. Markagailuan aurreratu ostean, Athleticek ondo eutsi deutso abantailari, Terzicek egindako aldaketei esker. Esaterako, bost atzelari erabili ditu etxeko entrenatzaileak azken minutuetan. Halanda be, beste gol bat sartu dabe lehoiek. Oihan Sancetek baloia sareetara bialdu dau 90. minutuan partidua guztiz erabagita uzteko eta San Mamesek pozez eztanda egiteko.

Partidu bi jarraian Katedralean

Atletico Madril mendean hartu eta gero, Athleticek San Mamesen jokatuko dau barriro be datorren astegoienean, ligako 5. jardunaldian. Zuri-gorriek Elche jasoko dabe zapatuan, irailaren 12an, arratsaldeko 18:30etatik aurrera. Hurrengo aurkaria lehen garaipenaren bila dabil oindino. Horren harira, Errealaren kontra jokatuko dabe etxean astelehenean. Beraz, atseden gehiago eukiko dau Athleticek Elchek baino partiduari begira. Ostean, lehoiek Levanteren zelaian jokatuko dabe eta Alaves hartuko dabe Katedralean, denporaldiko selekzinoen lehen etenaldiaren aurretik. Beraz, hiru aukera eukiko ditu Athleticek hurrengo asteetan puntuak lortzen jarraitzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00