Ezustekoak saihestera Kopako estrainaldian

Athleticek seigarren mailako El Prat taldearen aurka jokatuko dau Kopa txapelketako lehen kanporaketan
Athleticek Kopako finalaurrekoa jokatu eban aurreko denporaldian, baina ezin izan eban finalerako sailkatzea lortu / Athletic Club

Kopa txapelketako lehen kanporaketeari ekingo deutso Athleticek eguen honetan El Prat, Catalunyako ohorezko mailako taldearen zelaian. Esan beharrik ez dago zuri-gorriek ez leukiela arazo handiegirik euki behar kanporaketea gainditzeko. Halandabe, esperientziak garbi erakusten deusku ezusteko handiak egoten dirala partidu bakar baten jokatzen diran Kopa txapelketako lehen kanporaketetan. Urrunegi joan barik, Sestao Riverrek, bigarren federazino mailako taldeak, lehen mailako Espanyol kanporatu dau asteon Las Llanasen. Gauzak holan, Terzicen gizonak oso konzentratuta aritu beharko dira lehen minututik eta euren nagusitasuna erakutsi aurkariari. Kopa txapelketak garrantzi handia dauka Athleticentzat, are gehiago denporaldi honetan lehiaketa bi baino ez dabez jokatuko-eta. Dani Vivianek esan dau taldea gogotsu dagoala kopeari ekiteko.

Ruiz de Galarreta barik

Iñigo Ruiz de Galarreta barik jokatuko dau Athleticek bihar Llobregaten. Erdilari eibartarrak zelaia itxi egin behar izan eban Getaferen aurkako partiduan eta ostean egindako azterketek erakutsi dabenez, lesino moderatuta dauka bere eskoiko izterreko isquiotibialetan. Azaroaren 14-15 astegoienean ligan etenaldia egongo dala kontutan izanda, leitekeena da Galarretak atsedena izatea azaroaren 22an Athleticek San Mamesen Espanyolen aurka jokatuko dauen partidura arte. Oihan Sancet be ez da deialdian sartu. Nafarra bere lesinoaren errekuperazinoaren azken txanpan badago be, hondino denpora gehiago behar dau guztiz osatuta egon arte. Ganera, ez da ahaztu behar Athleticek derbi bi jokatuko dauzela liga txapelketan, datorren domekan Realaren aurka San Mamesen eta astebete beranduago Osasunaren aurka Sadarren. Guruzetak be ez dau jokatuko eskoiko belauneko lotailu gurutzatuak apurtuta ditu-eta.

Portugalete, Amorebieta eta Barakaldo be lehian

Ikusteko dago zein hamaikako zelairatuko dauen Edin Terzicek Kopa txapelketaren lehen kanporaketako partiduan. Normalena litzateke aldaketa ugari egitea ligako azken partiduan zelairatu eban taldetik eta orain arte ligan minutu askorik euki ez daben gizonak zelairatzea. Hasteko ez dakigu atezaina aldatuko ete dauen Koparako Valverdek egiten eban moduan. Hortik aurrera, Areso, Johaneko, Prados, Jauregizar, Rego, Nico Serrano, Djalo, Vizcay edota Imgak jokatzeko aukera euki leikie. Edozelan be, arriskutsua izan daiteke aldaketa gehiegi egitea.

Beste alde batetik, Portugaletek, Barakaldok eta Amorebietak gaur jokatuko ditue Kopako lehen kanporaketako partiduak. Portugaletek Real Unionen aurka jokatuko dau La Floridan, Amorebietak Ud Logroñes hartuko dau Urritxen eta Barakaldok etxetik kanpo jokatuko dau, Reusen zelaian hain zuzen be. Gogoratu, Sestao Riverrek bigarren kanporaketako sailkatzea lortu dauela Espanyoli 4-3 irabazi ostean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00