
Lurgozo alkarteak bazkide gehiago lortu eta inguruko nekazaritza ekologikoa bultzatzen jarraitzeko asmoa dauka Urdaibain. Kontsumo ekologikoaren aldeko alkartea da Lurgozo. 18 urte bete dauz eta 171 bazkide daukaz gaur egun. Ajangizen daukie hornidura-egoitza eta bertan, astegunez produktu ekologikoak saltzeaz gain, liburutegi zerbitzua be eskaintzen dabe. Urteetan alkartean gorabeherak izan diran arren, Koldo Lezamizek esan deusku, Lurgozoren helburuak berberak izaten jarraitzen dabela, hau da, lurraren osasunaren alde egitea, natura eta herriak kontuan hartzen dauazan produktuen kontsumoa bultzatzea, kontsumitzaileen interesak defendatzea eta diruaren zein baliabideen erabilerea modu arduratsuagoan eta solidarioagoan eraikitzea.
Ateak zabalik
Urdaibaiko ekoizle-baserritarren produktuak saltzen dauz Lurgozok. Horrek ekoizle barri gehiago sortzea ekarri ez dauan arren, sortu diran apurrek ekologikoaren alde egitea bultzatu dau. Ajangizen, zapatu goizean, ateak zabalik izango dauz Lurgozoren hornidura-egoitzak. Koldo Lezamizek azaldu deuskunez 6 euroko kuotea ordaintzen dabe hilero bazkideek. Inguruan egiten diran erosketetan sakondu eta bazkide barriak lortzea dira Lurgozoren erronkak aurrera begira.