Azaroaren 25ean, Emakumeen Kontrako Indarkeria Ezabatzeko Nazinoarteko Egunean, indarkeria matxistearen kontrako kontzientziazinoa eta prebentzinoa dira ardatz. Aurten, Emakundek, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek eta EUDELek alkarlanean bultzatutako kanpainak mezu argia zabaldu gura izan dau: ‘Indarkeria matxistaren aurrean, zure lekuak axola du‘. Herritar bakotxak indarkeria horren aurrean hartzen dauan jarrera eta erantzuna garrantsitsuak dirala azpimarratu dabe instituzinoek.
Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak azaldu dauanez, indarkeria ez da emakumeen arazoa bakarrik, gizarte osoarena baino. “Arazo estrukturala da, oso zabalduta dagoana, denpora luzez”, Elgarrestak nabarmendu dauanez. Indarkeria matxistea eguneroko keinu txikietan be agertu daiteke, eta sarritan ez deutsagu behar besteko garrantzia emoten. “Ze leku hartzen dogun eta ze erantzun emoten dogun, dana alda leike”, adierazo dau Emakundeko zuzendariak. Isiltasunak eta indiferentziak indarkeria bera naturalizatzea dakarrela ohartarazo dau Elgarrestak. Horregaitik, aurtengo kanpainak herritarren erantzuna sustatu gura dau, gizonen inplikazinoa batez be funtsezkoa dala nabarmenduta.
2026. urtean, urtarriletik urrira bitartean, 6.646 emakumek indarkeria-kasuren bat salatu dabe Euskal Autonomia Erkidegoan. Elgarrestak azaldu dau azken urteotako datuak antzekoak dirala eta erregistrautako kasuen kopurua handitzen joan dala. Datuen gorakadea interpretatzeko orduan, baina, zehaztasun bat egin dau Emakundeko zuzendariak. Bere esanetan, kopuru horreek ez dabe zertan esan gura indarkeria matxista handitzen dagoanik; indarkeria ageriagoa da gaur egun, eta emakume gehiagok joten dabe salaketara.
