Orain dala 20 urte, Busturialdeko Hitza errealidade bihurtu zan. 2005ko abenduaren 15ean kaleratu zan Busturialdeko Hitzaren lehenengo alea. Aurretik, urte horretako Urriko Azken Astelehenean, 0 alea banatu eben eskuz esku. Ordutik hona, etenik barik, eskualdeko albisteak zabaldu dauz Hitzak, hurbiletik eta hurbiltasunez. Hortaz ganera, euskararen normalizazinorako tresna eraginkorra izatea be lortu dau Aintzina Monasterio zuzendariak Lau Haizetara saioan gogoratu dauanez.
Busturialdeko Hitza herrigintzatik jaio zan, eta herrigintzari zor deutso bizirik segidutea. Irakurleak, harpidedunak, eragileak, udalak eta beharginak izan dauz gogoan Aintzina Monasteriok. Hasierak ez zirala errezak izan aitortu dau. Harpidetzak zein dirulaguntzak lortzea funtsezkoa izan zan. Denboragaz, eta jente askoren lanari esker, proiektua sendotuta dagoala nabarmendu dau Busturialdeko Hitzako zuzendariak. Egunkaria, hasieran, martitzenez domekara banatzen zan. 2007tik aurrera, eta egoera ekonomikoaren ondorioz, martitzenetik zapatura pasau zan. Geroago, 2010ean, Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitzagaz bat egin eben, eta gaur egun papereko edizino bateratua kaleratzen dabe. Webguneak eta sare sozialak, barriz, proiektu bakotxak bereak daukaz. Tokiko kazetaritzan, Busturialdeko Hitzaren bereizgarri nagusiak zeintzuk diran itaunduta, Monasterioak euskara hutsez jardutea eta hurbiltasuna azpimarratu dauz. Eragileakaz hartuemon estua izanda, beste komunikabideetan lakurik ez daukien gai eta ekimenei ahotsa emoten saiatu dira.
Joan dan abenduaren 14an 20. urteurreneko jaia ospatu eben Gernika-Lumoko Pasealekuan. Biharamonean, abenduaren 15ean, haritz bat (sinbolo berezi hau aukeratu dabe urteurrena ospatzeko) landatu eben Bermeon. Eta datorren urtean, eskualdeko beste 19 udalerrietan egingo dabez landaketak, auzolanean, eskualdeak urteotan emondako babesa eskertu gura dabelako.
