Makrokontzertuak eta proiektu txikien arteko polarizazinoa, barriz, kezkatzekoa da

Musika Bulegoak kaleratu dau urteko balantzea

2025. urtea, historikoa euskal musikarentzat

2025. urteko balantzea / Musika Bulegoa

Euskal musikarentzat 2025. urtea ona izan da, baina makrokontzertu, ekoizpen handi eta proiektu txiki eta ertainen arteko polarizazinoak kezka eragiten dau. Musika Bulegoak kaleratu dau igazko balantzea. Sektorearen erronkei aurre egin eta moldatzeko, holango azterketak egitea ezinbestekotzat jotzen dabe. Urtea zelan joan dan aztertzeko, sektoreko arlo desbardinetako ordezkariei eskatzen deutsie eretxia. Amaia Ispizuak, Musika Industrian Elkarteko lehendakariak azpimarratu dau, 2025. urtea historikoa izan dala, euskal musikak estadio handiak betetako gai dala erakutsi daualako. Musika Bulegotik, Ruth Manzanok, prentsa arduradunak esan dau, harro egoteko moduko datua dala honakoa. Kalidadeak be gorantz egin dauala adierazo dau. Hori bai, beste aldea be ikusi behar da. Verde Prato taldeko Ana Arsuagak dino, oraindino urrun dagoala bizitza profesional duin bat bermatzea.

Eretxi ugari

Musikarien arteko kidetasun eta babes kolektiboaren beharra be aipatu dabe Sara Azurzak eta Marina Landak. Bestalde, diskoetxeetatik aipatu da formato fisikoak emaitza onak izan dauazala. Manzanok dino, datu hau lupaz ikusi behar dala, urtean zehar datua aldatu daitekeelako. Musikagileak alkartean, musika klasiko eta garaikidea egiten daben konpositoreak dagoz. Helga Arias alkarteko lehendakariak esan dau urtea emonkorra izan dala. Publiko gaztea erakartzea egiten jake gatxena. Kontzertu-aretoak, Kultura Live alkartean dagoz. Bertatik, Gotzon Uribe lehendakariak dino areto publiko eta pribaduen arteko aldea nabarmena dala. Azken honeek ez dabe Covid-ak eragindako krisia gainditu eta laguntzak eskatzen dabez. Musika Bulegoak, urte honetara begira, bardintasunaren arloan jarriko dau arreta. Protokoloa abian daukie eta pausuak emotea itxaroten dabe. Profesionalizatzeko bidean laguntzen jarraitzeko asmoa be badaukie. Bestalde, Musika Bulegoa sariak abian dagoz eta asteon amaitzen da proposamenak aurkezteko epea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00