
Komiki azokea hasiko da bihar Getxon. 23. edizinoa da aurtengoa. Domekara bitartean, Romoko Kultur Etxea, Santa Eugenia plazea eta Ibaiondo kalea komikiz beteko dira. Getxo, binetaren munduko topagunea bihurtuko da beste behin. Xabier Payak, Getxo Kulturako zuzendariak esan deuskunez, indarra lortu dauan ekimena da honakoa. 40 salmenta-postu jarriko dira Santa Eugenia plazan eta Ibaiondo kalean. Komikigintzan kaleratutako barriena aurkitu ahal izango da bertan. Nobedadea da aurten, komikigile barrientzako topaketea be antolatu dala.
Sortzaile ugari aurten be
Romo Kultur Etxean, nobedadeen aurkezpenak, mahai-inguruak, proiekzinoak eta tailerrak eskeiniko dira. Erakusketea be bai. Abenturazale grafikoak erakusketan, bost emakume sortzaileen ilustrazinoak dagoz ikusgai. Artista eta profesional gonbidatuei jagokenez, Paco Roca, Marika Vila, Raquel Gu, Mamen Moreu, Sebas Martin edo Fernando Blanco izango dira Getxon. Ruben Pellejero, Corto Maltès bilduma ezagunaren ilustratzailea be izango da Getxon. Josune Muñoz dibulgatzaileagaz batera komikiaren arloan egindako ibilbideagatik omenaldi-saria jasoko dabe.