Aurtengo Bizipoza jaia maiatzaren 22tik 24ra bitartean ospatuko da Berriatuan, Lea Artibain, eskualdeko eragile, alkarte eta herritarren alkarlanari esker. Helmugak Bizipoza jaiak alkartasuna, euskara eta inklusinoa izango dauz ardatz, eta hiru egunez askotariko jarduerak egingo dira.
Joanes Camara Bizipoza alkarteko kideak gogorarazo deuskunez, Bizipoza gaur egun Euskal Herri mailako egitasmoa da, eta 39 alkartek osotuten dabe. Haur, ume eta familiak dira partaide, eta izaera bereziko gaiak lantzen dabez: gaixotasunak, dibertsidade funtzionalak edo sindromeak, familia eredu desbardinak edo sexu eta genero identidadea eta kulturartekotasuna. Jaiaren helburua gai horreek gizarteratzea eta ikusarri egitea da, beti be euskaratik eta euskaraz.
Helmugak proiektuak kirola, natura, euskara eta pertsonak daukaz oinarri, eta erronka solidario desbardinen bidez, laguntza eta sentsibilizazinoa sustatzen dauz. Ander Txakartegiren esanetan, egitasmo biek balio partekatuak daukiez, eta hortik sortu da alkarlanerako aukera eta Helmugak Bizipoza jaia Bizkaira ekarteko nahia.
Helmugak Bizipoza jaiak hiru oinarri izango dauz: aurrelana, Bizipoza eskolaren lanketa eta jaia bera. Horren ildotik, bai Bizipoza, Bai Helmugak, eskualde osoko ikastetxe guztietan landuko da Bizipoza eskolaren bidez eta Bibitxa kolektiboaren eskutik.
Erronka eta jaia
Maiatzaren 22tik 23ra erronka egingo da. Erronka maiatzaren 22an (22:00etan) hasiko da Berriatutik, eta bertan amaituko da maiatzaren 23an (22:00etan). Helmugak taldeak, tartean Ander Txakartegik, 24 ordutan Lea-Artibaiko 12 herriak lotuko dauan 420 kilometroko ibilbidea egingo dau bizikletaz, 8.500 metroko desnibel metatuagaz. Sei itzuli emongo deutsez prestau daben ibilbideari.
Eta maiatzaren 24an egingo da jai handia Berriatuan, egun osoko jaia ospatuz. Familiei zuzendutako egitarau zabala izango da: ikuskizunak, tailerrak, musika eta bestelako jarduerak, giro alaia eta parte-hartzailea sustatzeko helburuagaz.
