Pedro Sanchezek adierazpen instituzionala onartuko dau gaur

Poliziek bost lagun hil eta 150 zauritu ebezan Zaramagako Asisko San Frantzisko eleizan

50 urte beteten dira gaur 1976ko martiaren 3ko Gasteizko sarraskitik

Eusko Jaurlaritzak urtero hartzen dau parte lora-eskaintzan / Irekia

50 urte beteten dira gaur 1976ko martiaren 3ko Gasteizko sarraskitik. Gaur dala 50 urte, Zaramagako Asisko San Frantzisko eleizaren barruan biltzarra egiten ari ziran beharginei gas negar-eragileak bota eutsiezan poliziek, indarrez ateratzeko asmoz. Ganera, eleizaren ate bakarretik urteten ziran momentuan, 2.000 tiro baino gehiago egin eutsiezan poliziek. Guztira, bost lagun hil (Pedro Maria Martinez, Francisco Aznar, Romualdo Barroso, Jose Castillo eta Bienvenido Perea) eta 150 zauritu ebezan.

Urteurrenaren harira, berbaldi bat antolatu eben Ondarroan pasa dan barikuan Ernaik, LABek eta Ikamak. Hizlaria Martxoak 3 plataformako Julen Diaz de Argote kidea izan zan. Hori dala eta, Diaz de Argotegaz egin dogu berba martiaren 3ko Goizeko Izarretan irratsaioan. Bozeroaleak esan deuskunez, memoriaren esparruan aurrerapausoak emon dira azken urte eta hamarkadetan, baina ez da nahikoa. Horren harira, Pedro Sanchezek adierazpen instituzionala onartuko dau gaurko egunean.

Imanol Pradales Lehendakaria goizean egindako lora-eskaintzan izan da. Izan be, Eusko Jaurlaritzak urtero hartzen dau parte lora-eskaintzan. Bestalde, Martxoak 3 plataformak hainbat ekitaldi antolatu ditu arratsalderako: “Arratsaldeko 17:00etan omenaldia egingo jake 1984an monolitoa ezkutuan jarri eben Forjas enpresako beharginei. Ostean, 18:30ean, Gasteizko Katedral Barriaren eta Andre Maria Zuriaren plazaren arteko kalea bete gura dogu ekitaldi erraldoi batean”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00