
BBK Sasoikok 55 urtetik gorako bizkaitarrentzako prestakuntza-eskaintza barritzailea aurkeztu dau 2025/26 ikasturterako, edadeko pertsonak gizarte-aldaketaren eragile bihurtu daitezan. Aurtengo barrikuntza nagusia Alkarlaneko Laborategiak dira. Jarduerak urritik maiatzera bitartean egingo dira Bilboko BBK Sasoiko gunean (Erronda kalea). Programazinoan goizeko eta arratsaldeko proposamenak dagoz, adituek dinamizatuak eta hausnarketa komunitariora bideratuak. Interesa daukienek urriaren 5era arte emon leikie izena BBK-ren webgunean.
Victor Carramiñana BBK Sasoiko arduradunagaz egin dogu berba programazino barriaz. Alkarlaneko Laborategiak ohiko tailerretatik haratago doan eredua dira. Gizarte- eta kultura-esperimentazinoko gune bihurtzen diran ikaskuntza komunitarioko guneak dira. Gitxienez 10 saioko prozesutan antolatuko dira, eta parte-hartzaileek, ikasteaz gain, gogoeta egiteko erea izango dabe, Bizkaiko gizartearen egungo erronkei erantzuteko proposamenak sortu dagiezan. Planteauko diran gaien artean, besteak beste, film labur bat egitea, argazki-erakusketak sortzea, Deustuko Unibertsidadeko ikasleakaz batera adimen artifiziala lantzea, edo jarduera fisikoko errutina kolektiboak sortzea.
Alkarlaneko Laborategiez gain, Sasoiko zentroaren eskaintza, beste hiru ardatzekin osotuten da: Ezagutza pilulak (erretiro aktiboa edo eten digitalaren inguruko hitzaldi eta mikrotailer laburrak), Zikloak (Erreferenteak edo Sasoiko Ostiralak moduko aldizkako topaketak) eta Proiektu komunitarioak (erabiltzaileek euren bultzatutako ekimenak, esaterako, idazketa, inprobisazino-antzerkia edo historiari buruzko hitzaldiak).