
Arrigorriagako Alpino Padura mendi taldeak 75 urte betetan dauz aurten, eta urteurren berezia ospatzeko egitarau zabala prestau dabe. Olatz Ruiz de Azua zuzendaritzako kideak azaldu dauanez, urteurrenak zifra bat baino askoz gehiago esan gura dau, gaur egun “alkarte batek hainbeste urtea betetea” ez dalako erraza. Zuzendaritzatik azken urteetako susperraldia nabarmendu dabe. Ruiz de Azuak gogoratu dau “kluba desagertzeko puntuan” egon zala, eta 2023an zazpi pertsona barri sartu ziran zuzendaritzan. Ordutik Alpino Padurak jarduera barriak sendotu dauz. Tartean, Arrigorriagako eskola publikoagaz batera sortutako Gure Magalean mendi taldea. Bazkideen gorakada be aipatu dau: gaur egun 350 bazkide inguruk osotuten dabe Alpino Padura; horreetatik 200 bat, federatuak. Ruiz de Azuaren berbetan, azken urteetan bazkide kopurua bikoiztu edo ia hirukoiztu egin da, batez be, eskolako proiektuari esker.
Alpino Padura mendi taldearen 75. urteurrenaren harira, ekitaldi bereziak antolatu dabez: urteerak eta bazkari herrikoiaz gain, mendi martxa berezia be prestau dabe. Egitarauak, ganera, berbaldiak eta erakusketak batzen dauz, eta mendiko segurtasunari lotutako jardunaldiak be aurreikusi dabez.
