Baztango Udalak, (H)Ilbeltza alkarteak eta Txalaparta argitaletxeak 2026ko (H)Ilbeltza bekaren deialdia zabaldu dabe, euskal literatura baltza hedatu eta munduko literatura baltza euskaratzeko. Hamargarren edizino honetan, itzulpena lagunduko da beka honen bitartez. Friedrich Dürrenmatt idazle alemaniarraren Das Versprechen eleberria itzuli beharko da. Horretarako, parte hartu gura dabenek, eleberriaren lagin bat itzuli beharko dabe.
Iñigo Satrustegi Andres Txalapartako editoreak Bizkaia Irratian azaldu dauanez, beka (H)Ilbeltza ekimenetik jaio zan, eleberri baltzari bultzadea emoteko asmoz. Bi urterik behin sorkuntza lanak saritzen dabez, eta beste bi urterik behin —aurten— itzulpen lanak planteatzen dabez. Antolatzaileek nabarmentzen dabenez, 2019. urtetik, bekea abian jarri ebenetik, bide oparoa izan dau. Liburu hauek argitaratu dauz Txalaparta argitaletxeak: Miel A. Elustondoren Kezko bola batek itoak birikak (2019), Josu Barambonesek euskaratutako Patricia Highsmithen Lardaska (2020), Miren Gorrotxategiren Sotoan gordeak (2021), Koldo Bigurik itzulitako Massimo Carlottoren Agur maitea, ikusi arte (2022), Eneko Barberenaren Suak erreko ez balu (2023), Beñat Irastorzak euskaratutako Fred Vargasen Altxa, hildakoak (2024), Joxan Oizen Amazurtza (2025) eta kaleratu barri dan Amaia Apalauzak itzulitako Guillem, Nuria Cadenesena. Dana ondo badoa, 2027an argitaratuko da Gaizka Sarasolaren eleberria, ‘Mug(H)erri I’ izeneko proiektuagaz igazko beka irabazi eta gero.
Aurtengo deialdiko lanak martiaren 16ra arte aurkeztu ahal izango dira Baztango Udaleko erregistroan. Apirilaren 29a baino lehen jakingo da bekaren irabazlearen izena. Epaimahaiko kideak haueak izango dira: Fernando Anbustegi Baztango Udalaren ordezkaria, Maddalen Subijana Txalaparta argitaletxearen ordezkaria, eta (H)Ilbeltza alkarteak izentautako Amaia Apalauza. Beka 6.000 eurokoa izango da, eta zati bitan banatuko da.
