
Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako Ibilbide Historikoak programearen barruan, Ibilbide Arkeologikoek bisita parebakoak eskaintzen dauz ondare-balioko tokietan, esaterako, Tribisburuko nekropoli erromatarrean, Katillotxuko estazino megalitikoan, Foruko herrixka erromatarrean, Ereñozarreko gazteluan, Arrolako oppidum–ean edo Finagako kultura-multzoan. Udan zehar, Urdaibai eta Bizkaiko historian zehar 5.000 urteko ibilbidea egin daiteke, Neolitotik Erdi Arora, Urdaibaiko Biosfera Erreserba moduko ingurune pribilegiadu baten.
Sei ibilbide gidatu horiei esker, Urdaibaiko eta Bizkaiko aztarnategi arkeologiko garrantzitsuak bisitau daitekez, arkeologiako, biologiako, toponimiako eta euskal filologiako adituek lagunduta. Abuztuaren 2an, Labayru Fundazioagaz eta Adolfo Arejita euskaltzainagaz, Arrolako oppidum-era egingo dabe osterea. Oinezko bisita izango da, toponimian eta tokiko euskeran arreta jarrita. Urteera 09:00etan izango da, Arratzuko plazatik.
Arejitak urteak daroaz bisitaldi horreetan parte hartzen, eta helburua etnografia, toponimia eta bizimodu tradizionala hurretik ezagutarazotea da. Azpimarratu dauanez, toponimia funtsezko elementua da herri baten historia eta nortasuna ulertzeko. Euskera eta transmisinoaren inguruan kezka agertu dau Arejitak, eta transmitidu ezean, galtzeko arriskuaz ohartarazo dau.
Ibilbide Historikoen inguruko informazino gehiago eskuratzeko eta erreserbak egiteko, www.bizkaikoa.eus webgunea kontsultau daiteke, 688 856 689 telefonora deitu edo ibilbideak@bizkaia.eus helbide elektronikora idatzi.