Athleticeko atezainak konfiantza handia dauka taldean eta denporaldiaren azken txanpa ona egingo dauela dino

Osasunaren aurkako partidu erabakigarria ate joka egon arren, Getaferi irabaztearen garrantzia azpimarratu dau

Agirrezabala: “Amesetan egiten dot finala jokatu eta kopea irabazteagaz”

Lezamako prentsa aretoan hartu gaitu Agirrezabalak, Getaferen aurkako partidua jokatu aurretik / Bizkaia Irratia

Julen Agirrezabala, Athleticeko atezainagaz egin dogu berba Lezaman, egueneko entrenamendu saioa hasi aurretik, Espainiako 21 urtez azpiko selekzinoagaz jokatu ondoren.

Agirrezabala izango da Athleticeko atezaina Getafe eta Osasunaren aurkako partiduetan. Lasai dago, mutil lasaia dalako eta konfiantza handia daukalako bere taldean. Iker Muniain kapitainak esan dauen lez, Agirrezabalak esan deusku Getaferen aurkako partidua baino ez daukiela buruan. Halanda be, atezainak autortu deusku amesetan egiten dauela finala jokatzeagaz eta kopea irabazteagaz.

Liga txapelketako azken partidu bietan, Bartzelona eta Valladoliden aurka, erakutsitako sendotasunari eta erregulartasunari eutsi behar jakola esan deusku Agirrezabalak. Kopea berezia izan arren, liga txapelketeari be garrantzi handia emoten deutso atezainak eta garbi dino ezin dabela puntu gehiago galdu San Mamesen, Getaferen aurkako partidutik hasita. Ez da ahaztu behar Athleticek 17 puntu galdu dituela aurten Katedralean.

Hamaika partidu jokatu ditu Agirrezabalak denporaldi honetan, bost ligan eta sei kopan. Pozik dago orain arte egindakoaz. Etorkizunaz galdetuta, ez deusku argibide askorik emon. Julenek erakutsi dau lehen mailako atezaina dala eta ikusteko dago zer egingo dauen etorkizunean. Hau da, Unai Simonen gerizpean segiduko dauen hurrengo denporaldian.

Unai Simonegaz daukan harremanaren ganean be itaundu deutsagu eta esan deusku Athleticeko hiru atezainen arteko harremana oso ona dala, multzoan Ander Iru be sartuta. Atezain bikaina eta mutil jatorra. Gustura egon gara berbetan beragaz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular