Esklerosi Anizkoitzaren Bizkaiko alkarteak —ADEMBIk— hainbat ekintza antolatu dauz gaixotasun hau ezagutzera emon eta sentsibilizatzen jarraitzeko

28. 'Busti Zaitez' kanpaina egingo da domekan hondartza eta igerilekuetan

Agurtzane Sotch: “Ikusezina ikusgarri bihurtzea da helburua”

Esklerosi Anizkoitzaren aldeko Busti Zaitez kanpainak 28 urte beteko dauz aurten, eta hondino be inoiz baino beharrezkoagoa da. ADEMBI-k —Esklerosi Anizkoitzaren Bizkaiko alkarteak— antolatuta, garagarrilaren 6an ekimenak gizartea igerileku edo hondartzetan bustitzera konbidatzen dau, literalki, gaixotasun hau ezagutarazo eta ikusezina ikusgarri bihurtzeko. Ekitaldi nagusia Getxoko Ereaga hondartzan izango da, 10:00etatik aurrera.

Gaur egun esklerosi anizkoitza gaixotasunak 2.800 pertsonari eragiten deutse Euskadin eta Espainian 55.000 pertsonari. Gehienak emakumeak dira. Erika Otxoa Busti Zaitez kanpainako koordinatzaileak azaldu dauanez, hondino be sendabiderik ez daukan gaixotasun neurologiko kronikoa da. Sintoma askotarikoak eta ikusezinak eragiten dauz: oreka-arazoak, nekea, ikusmen-arazoak, mina, loaren alterazinoak… Hori dala-eta “mila aurpegiko gaixotasuna” be esaten jakola gaineratu deusku Otxoak. Bere esanetan, kanpainearen helburua gizartea sentsibilizatzea da, esklerosi anizkoitza daukien pertsonei aurpegiak jartzea eta ADEMBI-k eskaintzen dauazan zerbitzuak finantziatzea: fisioterapia, laguntza psikologikoa, logopedia, terapia okupazionala, laguntza soziala, besteak beste. Esklerosi Anizkoitzaren Bizkaiko alkarteak astean 400 pertsona ingururi emoten deutse arreta.

Agurtzane Sotch da horreetariko bat. Orain dala 6 urte diagnostikau eutsen esklerosi anizkoitza. Bere kasuan sintomak hanketan zentralizau dira. Egun batetik bestera hankek huts egin eutsen. Bere esanetan, alkartearen babesa ezinbestekoa da: “ADEMBIn zure egoera bere bizi daben pertsonak ezagutzen dozuz, ulertzen deutsuenak. Fisioterapia, pilates, talde-saioak… horrek laguntzen deusku etxetik urtetan eta bizitza soziala mantentzen” azpimarratu dau Sotchek. Busti Zaitez kanpainea “ikusezina ikusgarri egitea da, jenteak gure errealidadea ikustea eta ulertzea, gu be hemen gagozala eta alkartasuna behar dogula”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00