
Aikok doako Gazte Eskola jarriko dau abian. 40 lagunek emon dabe izena. Gazteentzako sortutako euskal dantza tradizionaleko lehen doako eskolea da. Bilboko Campos antzokian kokatuko da eta martitzenetan izango dira eskolak, urrian hasi eta bagilera bitartean. Aiko taldeko Ander Elordik azaldu deuskunez, aspalditik izan dabe ideia buruan. Euren emonaldietan gazteen falta ikusten izan dabe eta eurak erakarri gurean sortu dabe eskolea.
Talde bi
16-18 urte artekoak izan daitekez parte hartu leikien gazteenak, eta zaharrenak 30-35 urte artekoak. Talde bi egingo dira. Ezer ez dakitenak egongo dira taldeetariko baten, eta bestean hobetu nahi dabenak, ‘dantza laborategia’. Dantzakera desbardinak landuko dabe. Euskal dantzak izango dira oinarri, baina pasodobleak edo balsak be eskainiko dira. Jarduera osagarriak be egongo dira, astegoien tematikoak, pandero eta dantza ikastaroa edo master class bereziak.
Arratian domekatan
Aiko taldeak 2025-2026 ikasturteari be emon deutso hasierea. Nobedadeak dagoz. Arratian esate baterako, domeka arratsaldetan be egongo dira klaseak: Areatzan, Artean, Igorren, Zeanurin eta Diman. Bestalde, Bilbon, Donostian eta Durangon aurrez-aurreko klaseak mantenduko dabez astean behin. Ikasturte osoaren prezioa hilero 20 eurokoa da. www.aiko.eus atarian emon daiteke izena.