All Iron zubiari esker Barakaldoko bizilagun batzuk gertuago izango dabe Erandioko metro geltokia

"Erreka azpiko tunela aukera bat izango da, ez arazo bat" esan dau BFAko Lurralde Garapenerako zuzendariak

Aimar Rico: “Gurutzetako A8ko sarbide barria egun gitxi barru zabalduko da”

Aimar Rico (BFAko Lurralde Garapenerako zuzendaria) / Bizkaia Irratia

Gurutzetako Ospitalera Ezkerraldetik, AP8tik joanda, errazago ailegetako sarbide barria eregiten dabil Aldundia. “Urtarrila-otsaila baino arinago martxan egongo da. Lanak amaitzen gabilz” esan dau Aimar Ricok, BFAko Lurralde Garapenerako zuzendariak gaur Goizeko Izarretan irratsaioan.

All Iron zubia

Erandio eta Barakaldo arteko All Iron zubia egiteko lanak hasi dira. 30 hilabeteko epean osatuko da eta zubia eusteko 12 zutoin handi eta 460 metroko pasarela zabala eregiko dira. “Barakaldo eta Erandio arteko zubi mugikorrari esker, Barakaldoko bizilagun batzuk gertuago izango dabe Erandioko metro geltokia, Barakaldokoa baino. Mogikortasunari bete betean eragingo deutso All Iron zubiak” azaldu deusku Aimar Ricok, BFAko Lurralde Garapenerako zuzendariak.

Getxo eta Bilbo arteko boulebarra

Lamiako eta Altzaga arteko lanak hasita dagoz. Lanek Lamiakon dagozan padurei kalterik ez deutsiela egingo zehaztu dau BFAk. “Bilboko efektua, herrietara zabaldu gura dogu. Errepide zaharra hesi bat da eta herritarrei ez deutse itsasadarren ondotik oinez joaten izten. Boulebarragaz itsasadarra gureganatuko dogu” azaldu dau Ricok.

Erreka azpiko tunela

Erreka azpiko tunelaren lanek Artatzan oinezkoendako zubi baten eraikuntzea eragingo dabe. “Betiko zubi barri bat izango da eta ez da aldi baterakoa izango” zehaztu deusku BFAko ordezkariak. Gaur egun Errontegitik pasetan diran 180 mila ibilgailuen herena etorkizunean erreka azpiko tuneletik igaroko dala kalkuletan da. “Tunela askorentzat aukera bat izango da eta ez arazo bat” zehaztu dau Aimar Ricok.

Markina eta Etxebarria arteko sahiesbideaz edo Mallabiko Goitondo inguruko  lanez be berba egin dogu Ricogaz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular