Bizkaiko Foru Aldundiko Sustapen Ekonomikorako diputadua, Ainara Basurko, Bizkaia Irratiko Goizeko Izarretan saioan izan da gaur goizean. Basurkok Europako egoera ekonomikoaz, sektore estrategikoen garapenaz eta barrikuntzaren garrantziaz berba egin dau luze eta zabal. Basurkoren berbetan, Europako testuinguru ekonomiko ezegonkorra Bizkaiko enpresetan be igerten dabil. “Gure enpresak globalizauta dagoz eta horrek erronka ugari dakarz, baina baita aukera handiak bere” azaldu dau. Automobilgintzaren sektorean alarma batzuk piztu dirala onartu dau Ainara Basurkok. “Alemania eta Frantziari lotutako merkaduetan geldotasuna sumatzen da, eta horrek gure enpresa traktoreetan eragin zuzena dauka” adierazo dau BFAko diputaduak. Horri aurre egiteko biderik eraginkorrena inbertsinoen dibertsifikazinoa dala uste dau Basurkok.
Energia barriztagarriak eta talentua
Energia barriztagarrien sektoreaz galdetuta, Basurkok uste dau Bizkaiko balio-katea oso sendoa dala eta deskarbonizazinoan eta transizino energetikoan posizionamendua sendotzea lehentasunezkoa dala. “Horretarako, Energia Adimendunen Zentroa lako ekimenak martxan jarri doguz, teknologia barriak garatu eta industria barriak sortzeko helburuagaz” gaineratu dau BFAko diputaduak.
Langileen egoeraz eta talentuaren erakarpenean egindako lanaz be berbaz aritu da Ainara Basurko. Bizkaia Go Talent programaren bidez, kanpoan dagozan profesionalak erakarteko eta hemen dagozan gazte kualifikauak fidelizetako lanean dabilzala azaldu dau. “Garrantzitsua da enpresen proiektu erakargarriak zabaltzea eta ingurune jasangarriak eskaintzea” nabarmendu dau.
Gitxieneko soldatea
Euskadiko gitxieneko soldata propio barria adosteko otsailaren 6an sindikatuak eta Confebask batzartuko dira. Gaur egun hilean gitxieneko soldata hori 1.134 eurokoa da. ELAk, 1.795ekoa izatea defendatu dau eta LABek barriz, 1.600 eurokoa. Akordio batera heltzeko gogoa izatea albiste ona dala esan deusku Ainara Basurkok.