Aita Martzelegaz beharrerako konpromisoa hartzea erreza zala esan deuskue Maria Angeles Angoitiak eta Mila Egigurenek

Julian Olazabalagagaz batera lan handia egin eban Aita Martzel Andrinuak

Aita Martzel Andrinua: fede sakonekoa, euskaltzalea, behargina eta hurrekoa

Aita Martzel Andrinua / Bizkaia Irratia

94 urtegaz joan da Aita Martzel Andrinua, baina ez lanik egin barik. Horixe nabarmendu deuskue Maria Angeles Angoitiak eta Mila Egiguren-ek. Eurak urte pilo bat egin dabe beragaz, era bateko eta besteko zeregiuetan. Aurretik ezagutu baeben be, Euban hasi zan estutzen euren arteko harremana. Harrezkero danetariko lanak egin izan ditue Aita Martzel Andrinuagaz. Berrizko ikastolea berak ipini ban martxan, eta bertan egin eben lan Milak eta Maria Angelesek. Izurtzan be pastoraltza zereginetan ibili ziran. Gazteen taldea be eratu eban Aita Martzelak, “Beti aurrera” izenekoa, eta guztiz emonkorra izan ei zan.

Aita Martzel Andrinua beti ibilten ei zan buruari bueltaka, ekimenak martxan ipinten eta ingurukoak be lanean gogoz ipinte ei zituen. Taldean lan egiteko gaitasuna eukala nabarmendu deuskue, eta ingurukoentzako akulua zala. Beragaz oso erreza ei zan beharrerako konpromisoa hartzea.

Julian Olazabalagagaz alkartzen ei zan eta bien artean egitasmo ezbardinak aurrera ataraten ahalegitzen ziran. Besteak beste, euskerazko Bizian Gora mobimentua eta Bizkaia Irratian makina bat urtez emondako Kristau Gaur eta Hemen irratsaioa. Eleizako irakurgaien hausnarketa saioa Julian Olazabalagak eta Martzel Andrinuak egiten eben hasieran, eta Olazabalen ordez Mila Egiguren hasi zan ondoren. Lan hori autortu eutsien Bizkaia Irratiak bere 25.urteurrenean, aginte makilea oparituta.

Euskaltzalea zan Aita Martzel Andrinua. Euskaltzain urgazle izentau eben 1996an eta ohorezko euskaltzain 2018an.  Urte berean Ohorezko Karmelo Etxenagusia saria emon eutsan Bilboko Eleizbarrutiak, euskal kulturearen eta fedearen aldeko bere lana autortu eta eskertzeko. Pastoraltza lan itzela egin eban Aita Martzel Andrinuak. Aurton bete izan dira 70 urte abadetu zanetik, maiatzean ospatu zituen platinozko ezteiak.

Aita Martzel Andrinuaren aldeko hileta eleizkizuna bihar egingo dabe, martitzenez, Deustuko San Felicisimo eleizan, arrataldeko 17.00etan.

Beste albiste eta podkastak...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00