Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak azaroaren 29ra aurreratu ditu hauteskundeak. Hori dala eta, Lander Martinez, Sumarreko diputadua Espainiako Kongresuan, Bizkaia Irratiko sintonian euki dogu gaurkoan. Martinezek ondo ikusten dau Espainiako Gorteetarako hauteskundeak aurreratu izana, beharrezkoa zalako: “Barikuko botazinoaren ostean uste dot zuzena dala hauteskundeak aurreratzea”.
Sumarren hauteskundeak prestetan dabilz dagoeneko, Fronte Zabala osotzen. Martinezek esan deuskunez, alkarrizketak aspalditik datoz: “Urtebete baino gehiago daroagu berbetan, behar asko eginda dago dagoeneko. Izan be, Fronte Zabala ezinbestekoa da gobernu progresista egoteko”. Hautagaien izenak entzuten dira: Monica Garcia, Ernest Urtasun, Ada Colau, etab. Martinezek aurreratu deusku presidentegaia laster iragarriko dabela. Ganera, Podemosek baldintzea ipini dau frontean sartzeko: urriaren 14an eta 15ean primarioak egitea. Bitartean, PP eta VOX alderdiek gehiengoa izango dabela aurreikusten dabe inkestek. Horren harira, kanpaina gogorra izango dala emoten dau, dagoeneko Isabel Diaz Ayuso edo Santiago Abascal hauteskunde-iruzur aukerea aitatzen hasita dabilz, eta botoa postaz edo korreoz ez emoteko eskatu dabe.
Dinogunez, hauteskunde deialdia etxebizitza dekretuek ezetza jaso eta gero etorri da: “Sumarretik etxebizitzaren esparruko lege asko eroan doguz Kongresura legegintzaldi osoan zehar, baina blokeatu dabez. Dana dala, etxebizitzaren eskumen asko erkidegoenak dira, eta erkidego batzuk ez dabe legea aplikau gura”. Kontuak kontu, emoten dau lehenengo dekretuak orain aurrera urten leikela Diputazino Iraunkorrean. Dana dala, Sumarrek aurkeztutako dekretuak aukera gitxiago dauka aurrera egiteko. Bitartean, jaube txikien babesa aldarrikatzen dabe EAJk eta Juntsek, datuen arabera gehiengo handia diralako.
Greba orokorra
Ganera, UGT eta Comisiones Obreras sindikatuek egun osoko huelga orokorra deitzeko asmoa dabe udazken honetan, Maizterren Sindikatuagaz adostuta eta lan aldarrikapenak sartuta: etxebizitza eta soldata duinak. Martinez grebaren alde agertu da: “Positiboki ikusten dogu. Eskuinaren bozkagaitik barikuan proposatutako neurriek ez dabenez aurrera egin, normala da mobilizazinoak beste intensidade tonua hartzea”. Argi dagoana da kanpainan etxebizitzaren kontua ardatz nagusia izango dala eta hauteskundeak irabazten dituanak gai korapilatsu honi heldu beharko deutsola.
