Aitor Sorriketa Bediako alkateak uste dau erdigunea indartzea eta saihesbidea egitea dirala erronka nagusiak

N-250 errepidea herri erditik atarateko itxaron egin beharko dala gaineratu dau

Aitor Sorriketa: “Bediak erdigunea indartu beharra dauka”

Aitor Sorriketa, Bediako alkatea / Bizkaia Irratia

Herriz Herri saioan, Bedian izan gara asteon. Aitor Sorriketa alkateak udalerriaren egoera orokorraren gainean egin deusku berba. Udalerri txikia da Bedia. Mila biztanle inguruan dabil. Holako herrietan, erronka nagusietariko bat biztanleei udalerrian geratzeko motiboak emotea izaten da. Frontoia, farmazia, kutxazaina… badaukiez, eta beste azpiegitura batzuk sortzekotan dabilz. Gimnasialekua, udalaren taberna-dendea eta abar daukiez buruan. Azpiegiturez gainera, ekitaldiak eta jarduerak antolatzea da herritarrak erakarteko beste bide bat. Alde horretatik, udara begira hasita dagoz Bedian. Txiki Txokoan, udalekuetan eta Uda Gaztea programan izena emoteko epea zabalik dago astelehenera arte.

Bedia Arratiako lehen udalerria da. N-250 errepideak erdibitzen dau. Sorriketak esan deuskunez, errepide hori herri erditik kentzea da helburu handienetarikoa. Bizkaiko Foru Aldundiaren errepide planean halan jasota dago. Lemoa-Boroa konexinoa egitekoak dira. Baina, hondino itxaron egin beharko dala uste dau. Beste erronka handi bat, erdigunea indartzea da. Elexalde ingurua sendotu dabe Jandoniz eta Errekaondo kaleetan egin dituen etxeekin, baina are gehiago egin behar dala gaineratu dau. Merkataritza eta ostalaritza apur bat erakartea ondo legokela ta, horretxetan ahaleginduko dirala esan deusku Bediako alkateak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00