Alejandro Sanzeri omenaldia egingo deutse Portugalete eta Erandion

Portugaleteko Musika Eskolak eta Erandioko Musika Eskolak indarrak batu dabez konpositore madrildarrari omenaldia egiteko

Alejandro Sanzeri omenaldia egingo deutse Portugalete eta Erandion

Portugaleteko Musika Eskolak eta Erandioko Musika Eskolak indarrak batu dabez gaztelaniazko musikaren konpositore handienetako bati, Alejandro Sanzi, egindako omenaldi eder baten. Kontzertu bi asteburu bitan: lehenengoa bagilaren 8an, Portugaleten, eta 15ean Erandioren txanda izango da. Lehenengoa Portugaleteko Karmengo Andra Mariaren Ikastetxea izango da, 400 personentzako tokiagaz. Erandion, barriz, 600 persona batu ahal izango dira Merkatu Zaharreko areto nagusian.

Ehun musikari inguruk musika-emanaldi bikain bi eskainiko deutsez bertaratutakoei. Emonaldi biak 18: 30ean izango dira, baina aurretik joatea gomendatzen da, toki barik ez geratzeko, sarrera doakoa izango dalako. Iker Torrescusa Herri Irratiko lankidea eta gitarra-joleagaz egin dogu berba Aupa Bizkaia saioan.

Hainbat tresna

Gitarrak, bajua, bibolinak, klarineteak, txirulak, pianoak, txistua, akordeoia, bajua, bateria, saxoak, tronpetak, biolontxeloak eta, jakina, ahotsak ezin izango dau hutsik egin ezinbesteko hitzordu honetan. «Ez da erraza izan agendak koordinetea entsaiatu ahal izateko», adierazo dau artistetako batek.

Euren herriekin zerikusia daben artistak

Eskola bietako ikasleek hainbat musika-proiektutan parte hartu dabez azken urteotan, eta beren udalerrietako kultura-garapenean aktiboki parte hartzeko gogoa erakutsi dabe.

Portugaleteren 700. urteurrena

2022an, Portugaleteko uribilduak 700. urteurrena ospatzen eban. Cristina, Janire, Olatz eta Amaia izan ziran gaia landu eben lau gazteak. Horren emoitza euskerazko abesti polit bat izan zan, Portugaleten barrena ibilbidea egiten dauena: kaleak, paisaiak, jentea, topaketak, tradizinoak, etxeko sentimentuak eta pitxerrentzako erreferentziazko espazioa. Proiektuan parte hartu eben artistetako batzuk Alejandro Sanzen omenaldian egongo dira.

Ignacio Aldekoa Ikastetxearen 40. urteurrena

Bestalde, Erandioko eskolatik etorriko diran artista batzuk Astrabudua auzoko Ignacio Aldekoa Ikastetxearen berrogeigarren urteurreneko abestia egiten parte hartu eben. Abesti honetan eskola libre, inklusibo eta guztiontzako baten alde egiten da, eskolako haurgaz batera interpretau ebena. Portugaleten lez, abestia abestu eben artista gehienek parte hartuko dabe Sanzen omenaldian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular