
Laugarren urtez BEST – Bizkaiko Emakume Sortzaileen Topaketak egingo dira, emakume sortzaileen arteko sarea ehuntzeko, ikusgarritasuna emoteko eta kolektibidade feministatik abiatutako gogoeta sustatzeko. Helburua sarea sortzea da, emakumeen presentzia azpimarratzea, eta glotofeminismoaren eta intersekzionalidadearen begiradatik kultura ulertzeko modu barriak eregitea. Itxaso Paya Zelako Kultur Ideiak kooperatibako kideak BESTen abiapuntua gogoratu deusku. Sortzaile askok ez eben alkar ezagutzen, ez egoan alkarren artean harreman sare sendo bat. Horri erantzuteko, topaketa sortu zan, espazio feminista eta kolektiboa eregiteko asmoz.
BEST 2025-en ardatz nagusia alkarlana izango da. EHU, Mondragon Unibertsidadea, Bilzoko Udala, Euskararen Etxea edo Bizkaiko foru Aldundia moduko erakundeen laguntzeagaz, inoizko egitarau potoloena prestau dabe. Ohiko egun bakarreko topaketaren aurretik, erakusketa batek emongo deutso hasierea programazinoari. ‘Bizkaiko emakume musikariak glotofeminismotik’ erakusketea irailaren 19tik urriaren 15era bitartean egongo da ikusgai Euskararen Etxean. Erakusketea Mar Molinak eta Alaitz Urrutiak sortu dabe, testigantza eta ikus-entzunezko materialen bitartez. Bizkaiko emakume musikarien egoera aztertzen dau glotofeminismoaren ikuspegitik. Emakume musikariek daukiezan erronkak bistaratuko dauz: ikusgarritasun faltea, espazio publikoaren maskulinizazinoa, genero-arrakalak eta hizkuntza gitxituen erabileraren erronkak.
Urriaren 4an izango da ekitaldi nagusia. Goizean mahai-inguru bi izango dira EHUren Bizkaia Aretoan: ‘X aldiz errebelde’ eta ‘Unibertsala ez, bestea’. Leire Palaciosek gidatuta, Yolanda Arrietak, Afrika Bibang-ek, Iratxe Fresnedak, Ana Goitiak, Laura Penagosek eta Vera Alonsok parte hartuko dabe. Streaming bidez jarraitu ahal izango dira best.eus atarian. Arratsaldean, barriz, Sarea performance-a (Guggenheim Museoaren kanpoaldean) eta BEST Egoitza Artistikoan sortutako pieza kolektiboa (Bizkaia Aretoan) aurkeztuko dira. Aurten, ganera, Bizenta Antonia Mogel Elgezabal izango da omendua, euskaraz idatzi eban lehen emaume idazlea, bere aitzindaritzaren eta ausardiaren aitortza lez.
Itxaso Payaren arabera, topaketak ezinbesteko bihurtu dira Bizkaian. “Helburua emakume sortzaileei hitza eta ekintza eskaintzea da, euren lana plazaratzeko eta alkarregaz sare sendo bat ehuntzeko. Kulturatik gizartea eraldatzeko bideak sortu nahi ditugu”.