Bagilaren 8an herri martxa bat egin zan Armañongo estazino megalitikoa ezagutzeko, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Karrantzako Udalaren laguntzeagaz. Juan Carlos Lopez Quintana Tana arkeologoak gidatu eban bisita. Tana gidaririk onena da lekuan bertan trikuharriak eta tumuluak zer ziran ezagutu eta ulertzen laguntzeko, arkeologo aditua izateaz gain, gure lurraldean megalitoak aurkitu eta berreskuratzeko indusketa lanak zuzendu dauazalako. Agiri Arkeologia Elkarteak horrelako herri martxak antolatzen dauz gure lurraldeko ondarea ezagutu eta daukan balioa zabaltzeko.
Orain hiru aste Armañongo estazino megalitikoaren ezaugarriak ezagutzeko egin eben herri martxea zelan joan zan jakiteko, Amagoia Guenaga Agiri Arkeologia Elkarteko kideagaz berba egin dogu.
Trikuharriak hilobi kolektiboak ziran baina gizataldearen ustiaketa-eremuak mugatzeko lurralde-erreferentziak be baziran. Kristo aurretik 4.300 eta 4.200 urteen artean hasi zan ohiturea da. Bizkaian badagoz estazino megalitiko gehiago, Solluben eta Katillotxun adibidez. “Monumentu megalitikoak gure arbasoek itxitako ondare materiala dira, danon ardura da zaintzea eta guregana heldu diran moduan mantentzea”, azpimarratu dau Amagoia Guenagak.