Antxustegik ez daki zergaitik ez diran probak egiten Bizkaian, beste toki batzuetan egiten diran moduan

Gizarte Ekintzako foru diputaduak adinbako migratzaileen zentroetan adinez nagusikoak dagozala salatzen dau 2024tik

Amaia Antxustegi: “Susmoa dogun adinbako migratzaileei adin probak egiteko eskatzen dogu, baina ez dogu lortzen”

Amaia Antxustegi, Gizarte Ekintzako foru diputadua / Bizkaia Irratia

Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzako Foru Diputaduak azaldu deuskunez, 2024an salatu eben susmoa ebela adinez txikiko migratzaileen zentroetan adinez nagusikoak egozala. Bere esanetan, momentuz ez dabe erantzunik jaso eta ez da ezer egin. Aldundiak probak egiteko eskatzen dau, momentuz ezelango erantzunik barik. Antxustegik nabarmendu deusku beste leku batzuetan be egin dirala holako salaketak eta ikertu be egin dala: “Beste probintzietan kasuak agertu eta probak egin dira”. Horren arrazoia zein dan ez dakiala gaineratu deusku, baina gauzak argitzeko hileon bilerea egitekoak dirala Fiskaltzako ordezkariekin: “Zergaitik? Nik be jakin nahiko neuke”. Ganera, gogoratuko dogu banaketa justuago bat eskatu izan dala azken boladan, Bizkaiak dituan baliabideak beteta dagozalako. Antxustegik esan deusku, araudiaren arabera, Bizkaiak 370 plaza eukiko beharko leukezala, baina gehiago eskaintzen dituala eta momentu honetan 500 bat pertsona dagozala.

Esan bezala, aktualidadeko beste gai batzuk be jorratu doguz diputaduagaz, nagusien zaintzarena tartean. Esaterako, Durangoko Tabira Berri erresidentziako egoerea salatu dau LABek, eta erabiltzaile batzuk be bai, esanez, arretea ez dala egokia. Aldundian be kexaren bat aurkeztu dabela dinoe. Antxustegik emongo dituan urratsak zeintzuk izango diran aurreratu deusku: “Bizkaiko Batzar Nagusietan egingo dot berba laster aurkezpenak emoteko. Ikuskapenak egiten dira urtean behin gitxienez. Urraketak dagozanean, isunak jasoten dabez”.

Ganera, Erresidentzietako eta Etxebitza komunitarioetako hitzarmenen negoziazinoa hasi dau ELA sindikatuak. Aldundiari be bilerea eskatzekoak ziran. Dinoe arlo honetan ardurea ez dala bakarrik enpresena. Halanda be, Antxustegik dino Aldundiak ez dauala eskumenik kasu honetan: “Bizkaiko Foru Aldundia ez da egoitzen hitzarmenaren parte. 2023an sinatu zan azken akordioa eta baldintzak estaduko onenak dira. Akordiorik onena lortzea gura dogu, noski”. Erresidentziak aitatzen gabilz, nagusien eta mendekotasuna dabenen zaintzea. Eredu aldaketan murgilduta dagoz eta horren adibidea Abadiñon eregiten dabilzan egoitzea da. Obrak ondo doazela esan deusku Antxustegik eta 2028. urte amaierarako amaituta egotea espero dabe, 2029aren hasieran ateak irekitzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00