Bilbon etxebizitzetan gertatzen diran lapurreten kopuruak behera egin dau 2024an. Oraindik ez daukiez behin betiko datuak, baina hori aurreratu deusku Amaia Arregi Bilboko segurtasun zinegotziak. Ebasketen (indarkeria barik egiten diran lapurreten) kopurua mantentzen da baina joerea goranzkoa dala esan dau Arregik. Lapurrek zigorra momentuan izan dagien, epaiketa arinak bultzatzeko ahaleginean dabilz Bilboko Udaleko ordezkariak. Helburu horregaz epaileakaz berba egiten dabela azaldu deusku Segurtasun zinegotziak. Gaizkile batzuk delituak errepikatzen dabezan arren, salaketea aurkezteak balio dauela be argi itzi gura izan deusku Bilboko udaleko segurtasun zinegotziak.
Bilbon gaur egun 900 udaltzain inguru dagoz eta gehienak 60 urtegaz jubiletan dira. “Lan Eskaintza Publikoak Ertzaintzagaz batera egiten doguz baina egia da prozedura apur bat luzea dala. Bitartean egon daitekezan hutsuneak betetako interinoak daukaguz” adierazo dau Amaia Arregik. Bestalde, Euskadiko udalerri batzutako komisariatan taser pistolak egon arren, Bilboko udaltzainek, momentuz, holakorik ez dabela erabiliko esan dau Amaia Arregik. “Deskarga elektrikoak eragiten dabez, gaizkileari pintxo moduko bat hinketan jako eta ikerketa batzuk dinoe deskarga horreen eragina batzutan heriotzea eragiteko modukoa dala” adierazo dau Amaia Arregik.