Erakusketearen ardatzak baserriko lanak, garai bateko lanabesak eta belaunaldiz belaunaldi transmitidu diran berbak eta ezagutzak dira

'Baserriko lanen eta lan tresnen izena eta izana' erakusketea Torrezabal kultur etxean bisitau daiteke

Gorane Intxaurraga: “Belaunaldiz belaunaldi transmitidutako berbak eta ezagutzak galtzen doaz”

Baserriko lanak, garai bateji lanabesak eta belaunaldiz belaunaldi transmitidutako berbak eta ezagutzak dira Galdakaoko Torrezabal kultur etxean ikusgai dagoan Baserriko lanen eta lan-tresnen izena eta izana erakusketearen ardatzak. Gorane Intxaurragak atondu dau erakusketea, bere etxean gordetako tresnak eta inguruko beste baserri batzuetatik batutako piezak bilduz.

Europako Ondarearen jardunaldien barruan antolatutako proposamen honek baserriko bizimodua ezagutzeko erea emoten dau, lurra lantzeko lanabesetatik hasi eta sukaldean, etxe barruan edo ganaduagaz lotutako zereginetan erabilitako tresnakaz jarraituz. Erakusketearen helburua, baina, ez da objektu zaharrak erakustea bakarrik; tresna horren izenak, erabilerak eta eurekaz lotutako ezagutza be berreskuratzea da.

Intxaurragak Bizkaia Irratian azaldu dauanez, erakusketearen alderdi garrantzitsuenetako bat hizkuntzea eta ahozko ondarea dira. Izan be, tresna askoren izenak eta erabilerak ezezagunak dira gaur egungo belaunaldientzat. Bere esanetan, antxinako berbak, esamoldeak eta ohiturak galtzen joan daitekez, ez badira jasoten eta ondorengoei transmitiduten. Horregatik, nagusiei euren bizimoduaren, lanen eta erabilitako tresnen inguruan galdetzea eta jasotako informazinoa gordetea garrantzitsua dala nabarmendu dau Gorane Intxaurragak.

Baserriko lanen eta lan-tresnen izena eta izana erakusketaz gain, Galdakaoko Udalak inguruko landareak eta ondare naturala ezagutzeko proposamenak be eskainiko dauz urrian zehar, Gorka Menendez etnobotanikako doktore eta ikertzaile galdakoztarraren eskutik. Era berean, Andra Mari elizara bisita bi be egingo dira urriaren 17an (gaztelaniaz) eta 24an (euskeraz), Jesus Muñizen eskutik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00