
Sasoi baten, Aratuste garaia heltzen zanean, Bakion anarruak urtetan ziran kalera, baserri eta auzoetako bideetara, iluntasuna lagun. Bakion Aratuste eguna Anarru eguna zan. Bakioko Itxas-Alde Dantza taldeak igaz berreskuratu eban eguna, herriko ondarea berpizteko asmoz. Eta aurten, Bakioko Udalak material didaktiko bat be prestau dau, June Markaida herritarrak sortutakoa, gaztetxoenen artean be Anarru eguna ezagutzera emoteko.
Anartz Ormaza Itxas-Alde Dantza taldeko kideak Bizkaia Irratiko Lau Haizetara saioan azaldu dauanez, anarru berbea Bakioko berezko berbea da. Anarrua mozorroari esaten jakon, eta baita anarrua edo mozorroa janzten eban pertsonari be. Jasota dago, esaterako, Euskaltzaindiak argitaratzen dauan Euskararen Herri Hizkeren Atlas-ean. Anarru eguna martitzenetan ospatuten zan, baina sasoi baten domekara aldatu eben, “behar egin behar ez zan egunera”.
Aurten Bakioko Anarru eguna martiaren 8an ospatuko da. Ekitaldi bitan banatuko da: goizean talde txiki bat baserriz baserri ibiliko da, eta arratsaldean, 17:00etan hasita, kalejira nagusia egingo da. Parte-hartzaileek ezinbestean aurpegia estalita eroan beharko dabe, eta Bakion 80ko hamarkadan jasotako koplatxo batek dinoanez, fraka gorriak jantzi beharko dabez.