Zubileta Evolution Zuazo Barakaldo Eskubaloi Taldeari amaitu jako geldialdia. Barikuan ligara itzuli behar dau. Andrea Zaldua albokoagaz egin dogu berba Jokoan saioan. Zaldua Alaia Zarauztik heldu zan Zuazora, Izei Permach pibota lez. Bide bera egin dabe biek.
Zalduak esan deusku geldialdia ondo etorri jakela. Talde gaztea daukiela nabarmendu dau, baina ona. Geldialdi honetan konturatu dira gai dirala lehen zortziretan sartzeko. Horixe da, une honetan, Joseba Rodriguez entrenatzailearen taldearen helburua.
Horretarako, oso garrantzitsua izango da hurrengo partidua irabaztea. Gijon izango da aurkaria, barikuan (19:30), Lasesarren. Baja asko izan ditu denporaldi hasiera honetan Zuazok. Hondino batzuk badaukaz. Baina Ane Valero, esate baterako, jokatzeko moduan egongo da.
Zalduak dino talde ona dala Gijon. Une honetan, sailkapenean alkarren ondoan dagoz. Launa puntu daukiez. Gijonek partidu bi irabazi ditu. Zuazok bat irabazi eta bi bardindu. Partidu garrantzitsua da barikukoa Zuazorentzat. Zalduaren esanetan, defentsan gogor ekin eta euren jokoa egiten ahalegindu behar dabe.