Bizkaian azken hamarkadan ia 20.000 nekazal edo abere ustiakuntza galdu dira, orain hamar urte egoanaren ia erdia. Egoerea ez da bapebe ona eta sektorea hauspotzeko BFAk, EHNE Bizkaiak, Bizkaiko ENBAk, alkarteek eta Lorrak 14 puntu jasoten dauzen ekintza plan bat diseinau dabe. Aldundiak plan hori egi bihurtzeko 4,9 milioi euroko inbersinoa egin dau. “Epe luzerako neurriak hartzeko, lehen sektoreari entzun deutsagu” esan deusku Arantza Atutxak (BFA) gaur Gernika-Lumoko urriko azken asteleheneko azokatik egin dogun irratsaioan.
Abeltzainei uraren fakturea erdira murriztuko deutsie, %50eko hobaria eukiko dabe. “Ur Patzuergoagaz era horretako hobari bat onartu dogu eurek euren fakturan be igerri dagien” esan deusku Atutxak. Baserritarrei amatasun, aitatasun eta edoskitze baimenak luzatuko deutsiez, edo mendietan ganadurako larrak bultzatuko dira, honeexek planak dakarzan beste nobedade batzuk.
Gaur Gernikan 36 gaztaigile desbardinek euren saltokia jarri dabe. Kontua da espainiar estaduan ardien mihi urdinaren gaixotasuna nahikotxo zabaldu dala. 300 foko baino gehiago dagoz, gertuen dagozanak Asturiasen eta Aragoin. Ardiei kalte egiten deutsen mihi urdina eltxoek kutsatzen dabe eta Aldundiak aurton mihi urdinaren kontrako txertoak erosi dauz eta abeltzainei eskaini jakez. “Baten batzuk hartu dabez guk emondako txertoak, mihi urdiuna momentuz ez da Bizkaira heldu baina prebentzino neurriak hartu doguz” esan dau Atutxak.
Bestalde, Urdaibai Guggenheim proiektuaz, Gaztelugatxeri buruz eta hondartzetan tabakoa erretea galazoteko aukerei buruz be berba egin dogu BFAko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Ingurumen naturaleko diputaduagaz.