274 lagunek egingo dabe lan Bizkaiko hondartzetako garbiketa, sorospen, istripuen prebentzino eta arretako zerbitzuetan

Aldundiak 'Zaindu barruan duzun hondartza' kanpaina bultzatuko dau, hareatzen errespetua eta zainketa partekatua sustatzeko asmoz

Arantza Atutxa: “Geure haurtzarora eta gaztarora eroaten gaituen leloa da aurtengoa”

Gorlizko hondartzan aurkeztu dabe aurtengo denporaldia / Bizkaiko Foru Aldundia

Bizkaiko Foru Aldundiak Zaindu barruan duzun hondartza kanpaina bultzatuko dau aurten, lurraldeko hareatzen errespetua eta zainketa partekatua sustatzeko asmoz. Kanpaina barriak hondartzen zainketa, bizikidetza eta natura-ingurunearen babesa jarten ditu arreta-gunean, ikuspegi positibo eta partekatu batetik. Arantza Atutxa Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputaduak esan deusku urtarrilean hasten dirala dana prestatzen: “Aspalditik gabilz beharrean. Instalazino batzuk montau behar doguz kalidadezko zerbitzua emoteko”.

Denporaldian, 274 lagunek egingo dabe lan Bizkaiko hondartzetako garbiketa, sorospen, istripuen prebentzino eta arretako zerbitzuetan. Garbiketa-operatiboa ezinbestekoa da: “Dispositiboa itzela da. Hondartza uzten dogunean, makinekaz garbitzen da hondartza uda-partean”. Esan dogun moduan, Zaindu barruan duzun hondartza da aurtengo leloa: “Geure haurtzarora eta gaztarora eroaten gaituen leloa da aurtengoa”.

Bagilaren 1ean hasi eta irailaren 30era arte luzatzen da denporaldia. Diputaduak esan deuskunez, aztertzen dabilz ea posible dan luzatzea hurrengo urteetarako: “Dagozan aukerak aztertu behar doguz. Dana dala, kontratu bat dago indarrean eta bere malgutasuna aztertu beharko geunke. Ganera, udaletxeekaz hartu behar dogun erabagia da”. Bestalde, bainu lagunduaren zerbitzua martxan egongo da barriro denporaldiko lau hilabeteetan, La Arena, Ereaga, Laidatxu, Plentzia, Gorliz, Bakio, Isuntza eta Arrigorri hondartzetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00