Arantza Plaza Zamorak jantziko deutso txapela Bizkaiko Bertsolari Txapelketako txapeldunari datorren zapatuan. Gizaburuagan jaiotakoa bera, hainbat urte egin ditu bertsolaritza irakaskuntzan. 2004an hasi zan, ‘Mundu bat bertso’ programearen bidez, eta horretan ibili da 2022an jubilau arte.
Baina hezkuntza arautuan ez ezik, Bertsozale Elkarteko beste proiektu batzuetan be ibili izan da, besteak beste, dokumentazino zereginetan. Bertsolariz inguratuta bizi da, Xabier Amuriza dau senarra eta Miren Amuriza alabea. Txapelketan boluntario moduan be ibili izan da, baina aurton beste lan bat egokitu jako: txapeldunari txapela janztea. Orain dala hilabete eta erdi jaso eban barria eta poz-pozik dago.
Bertso mundura 20 bat urtegaz hurreratu ei zan, UEUren ikastaro batzuetan. Harrezkero beti euki dau bertsolaritzeagaz zerikusia. Eskola ezbardinetan ibilitakoa, herri txiki eta handietan, euskaldun eta ez hain euskaldunetan… Plazak dino aldea dagoala batzuetatik besteetara. Ganera, bertsolaritzak azken hamarkadetan bizitako aldaketak be nabarmendu ditu.
Zortzi finalistak prest
Esan bezala, zapatu honetan jokatuko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala Bilboko Casillan, arratsaldeko 17:00etatik aurrera. Txapela bilatuko daben bertsolariak Aitor Bizkarra, Aitor Etxebarriazarraga, Gorka Pagonabarraga, Jone Uria, Oihana Bartra, Onintza Enbeita, Txaber Altube eta Xabat Galletebeitia dira.
