Arantzazu Luzarraga EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko irakaslearen eskutik zentzumenei erreparatuko deutsegu aurton Zientzia Tartean. Aurreko denporaldian bost elementuak jorratu genduzan: ura, egurra, lurra, airea eta sua. Oraingoan, entzumena, dastamena, ikusmena, ukimena eta usaimena jorratuko doguz, arkitekturagaz lotuz.
Entzumenagaz ekin deutsagu tarteari. Uriaren oihartzunak bere egituraren eta kaleen eskalaren eta material arkitektonikoen isla dira, Luzarragak esan deuskunez. Denporaren poderioz, gero eta zarata gehiago dago urietan. Irakaslearen ustez, normalizatu dogun zarata jaitsi beharko geunke barriro be alkarregaz berba egiteko aukerea izateko.
Akustikaren garrantzia
Luzarragak akustika on batek daukan garrantzia azpimarratu dau. Akustika soinua, infrasoinua eta ultrasoinuak aztertzen dituan adarra da, fisika esparruan aurkitzen dana. Esaterako, eleizen arkitektura mendeetan zehar diseinatu da akustika zein erreberberazinoa hobetzeko. Izan be, sabai eta leiho altuek oihartzun efektua sortzen laguntzen dabe.