Egitarau berezia antolatu dabe Bilboko Arriaga antzokian, Juan Crisostomo de Arriaga musikariaren heriotzaren urteurrenera begira. Urtarrilaren 17an beteko dira 200 urte Juan Crisostomo de Arriaga hil zala. Someran jaiotako musikaria Parisen hil zan 19 urte eukazala. Oso gazte hil zan, baina arrasto handia itxi eban. Askok, Mozartegaz alderatzen dabe. Arriaga antzokiak izena emoten deutson maisua omendu nahi dau. Horretarako, Juan Crisostomo de Arriaga Musika Kontserbatorioagaz batera, Arriaga 200 egitaraua prestatu dabe. Alde batetik, Josetxu Obregon bilbotar musikariak zuzenduta, La Ritirata orkestrak kontzertu handia eskeiniko dau urtarrilaren 17an. Horrez gain, antzerki-ibilbideak be eskeiniko dira Arriaga antzokian bertan. Ainhoa Etxebarria eta Koldo Olabarri aktoreak dabilz honakoak antolatzen. Etxebarriagaz izan gara gaur. Esan deuskunez, gehienok dakiguna ekian berak Arriagataz. Lan hau egiterakoan, miresten amaitu dau.
Bisita bereziak
Antzerki-ibilbideetan, normalean bisitetan ez diren espazio enblematikoak ikusi ahal izango dauz ikusleak, agertokia bera edo kamerinoak esate baterako. Etxebarriak azaldu deuskunez, antzokira normalean egiten diran bisita gidatuak hartu dabez ardatz, gidoia egiteko. Koldo Olabarri bera be ibilia da orain arte bisita gidatuetan. Urtarrilean eskeiniko direnak antolatzerakoan, naturaltasuna nagusitu dala esan behar. Antzerki-ibilbideak urtarrilaren 10ean eta 24an eta zezeilaren 1ean izango dira goizez. Egunero hiru saio izango dira. Geldialdietan Juan Crisostomo de Arriaga Musika Kontserbatorioko ikasleez osotutako ganbara musikako taldeen emonaldiak izango dira. Abenduan hasiko dira danak batera ensaietan.
Kontzertu handirako sarrerak atzotik dagoz salgai eta gaurtik eskuratu daitekez antzerki-ibilbideetara joateko sarrerak.
