Planik Plan 01x34: astegoieneko planak Bizkaian

Bizkaiko txoko desbardinetan egongo diran ekintzen eta egitasmoen errepasoa

Arrigorriagako Uraren Jaia, Gatibu eta Bulego astegoien honetan Bizkaian

Gatibuk kontzertua eskainiko dau Gernika-Lumon zapatu honetan / Bizkaia Irratia

Planik Plan irratsaioaren emonaldi barri bati ekin deutsagu asteon Bizkaia Irratian. Barikuro, astegoienean zehar Bizkaiko txoko desbardinetan egongo diran ekintzen eta egitasmoen errepasoa burutzen dogu, geure lurraldean zer egongo dan jakin eta gura dozuen plana egin daizuen. Astegoien honetatik Arrigorriagako Uraren Jaia eta Gatibu eta Bulegoren kontzertuak nabarmendu doguz.

Barikua

Astegoien honetan plan asko egongo dira egiteke Bizkaian, barikutik hasita. Esaterako, barikuan hasi eta astegoien osoan zehar luzatu egingo da Sopela Gustora pintxo-lehiaketea. Ganera, San Antonio jaiak hasiko dira Igorren, Etxebarrin, Abanto-Zierbenako Gallarta auzoan, etab. Eguneko ekitaldiei jagokenez, arratsaldeko 17:30etan hasiko dira egitasmoak. Ordu horretan, adibidez, Klarion gorria ipuina kontauko dabe Santurtziko liburutegian. Musikari jagokonez, kontzertu batzuk izango dira. Esaterako, Pablo Lopezek kontzertua eskainiko dau gaueko 21:00etan Bilbao Arenan.

Zapatua

Hainbat ekitaldi ezbardin izango dira protagonista zapatu honetan Bizkaian. Esate baterako, Uraren Jaia ospatuko da Arrigorriagan. Ganera, Erdi Aroko azokea eukiko dogu Ugao-Miraballesen. Goizeko 12:45etan, bertso jaialdia izango da Bilboko Santiago plazan Aner Euzkitze, Nerea Ibarzabal, Irantzu Idoate, Aissa Intxausti, Alaia Martin eta Ekhiñe Zapiain bertsolariekaz. Kontzertuei jagokenez, gaueko 21:30etan Bilboko Santana 27an, Bulegok kontzertua emongo dau. Bestalde, Gatiburen ‘Azken Zoramena’ kontzertua eukiko dogu Gernikan.

Domeka

Astegoieneko azken egunari begira, hainbat ekitaldi izango dira Bizkaian. Esaterako, eguerdiko 13:30etan, Getxoko Muxikebarrin Ekhi Lambertek kontzertua eskainiko dau. Goiz-eguerditik arratsaldera goaz. Arratsaldeko 18:00etan Ajangizko udal frontoian, bertso saioa eukiko dabe Janire Arrizabalaga, Ixone Asategi, Aitor Bizkarra, Asier Galarza, Danel Herrarte eta Alexander Idoeta bertsolariekaz. Azkenik, arratsaldeko 20:00etan Bilboko Campos Eliseos antzokian, Cleptomago Shado Magoaren ikuskizuna ikusi ahalko da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00