Kirmen Uriberen 'Elkarrekin esnatzeko ordua' eleberriaren egokitzapena da 'Karmele'

Donostiako Zinemaldian aurkeztu barri dau 'Karmele' pelikulea

Asier Altuna: “Nire karrerako erronkarik potoloena da”

Jone Laspiur eta Eneko Sagardoy aktoreak / Bizkaia Irratia

Karmele Asier Altuna bergararraren azken filmea da, Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua eleberrian oinarritutako istorioa. Ondarroa, 1936ko urria: Frankoren armada herrian sartuko da, eta 24 urteko Karmele Urresti erizain gaztearen familiak Frantziara alde egingo dau. Altunaren pelikulak Karmeleren istorioa kontatzen deusku. Lehenengo eta behin, Frantzian errefuxiatuta. Han, Parisen, erbesteratutako beste euskal gazte batzuk ezagutu, Txomin musikariagaz maitemindu, eta Venezuelan erbesteratutako familia osotuko dau. Ostean, Espainia frankistara itzulitakoan, konspirazinoak eta diktadurearen kontrako borroka, klandestinidadea eta zigorrak, eta barriro be erbestea. Asier Altunak esan deusku, Karmele aportazino bat dala gerrek eragiten daben drama kontau eta salatzeko.

Jone Laspiur aktorea da Karmele filmean, eta Eneko Sagardoy, Txomin Letamendi. Asier Altunak, besteak beste, pelikulan zehar egiten dan bidai musikala azpimarratu deusku Lau Haizetara irratsaioan. Gogoratu behar da, Karmele eta Txomin Eresoinkako kideak izan zirala. Jose Antonio Agirre lehendakariak bultzatutako abesbatza izan zan Eresoinka, munduan zehar euskal abestiak eskainiz ibili zana.

Donostiako Zinemaldian estreinau ostean, hurrengo astean Bilbon, Madrilen eta Bartzelonan be aurre-estreinaldiak egingo dira . Eta urriaren 10ean iritsiko da zine aretoetara Asier Altunaren Karmele. Altunak, ganera, Donostiako Zinemaldian jasotako Zinemira Ohorezko sariaz be egin deusku berba. Telmo Esnalegaz batera jasotako aitortza horrek euskarazko zinemagintzak azken urteotan egin dauan bidea islatzen dauala azaldu dau.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00