Begoñako Andra Mari irakasle eskoleak 2027an ekingo deutso Bilboko etapa barriari

Erabagi honek ez dau Eleizbarrutiaren Barrainkuako egoitza bateratuaren proiektua aldatuko

BAM irakasle eskolea Bilbora bueltauko da, Volantin pasealekura

BAM Irakasleen Unibertsitate Eskoleak etapa barri bati ekingo deutso Bilbon, Campo Volantín 36an kokatutako egoitza barri baten, lehenago San Pedro Apostol edo Scientia eskolea egondako eraikinean hain zuzen be. Erabagi honegaz, erakundeak bere proiektu akademikoa baldintza hobeetan garatu nahi dau, eta ikasleei, irakasleei zein ikerketeari espazio egokiagoak, eskuragarriagoak eta gaur egungo erronkei hobeto egokituak eskaini.

BAM une estrategiko batean dago gaur egun, eta etorkizuneko erronkei modu sendo eta arduratsuan erantzuteko pausu garrantzitsuak emoten dabil. 75 urteko ibilbidean, erakundea maisu-maistren prestakuntzan erreferentziazko zentroa izan da Euskal Herriko hezkuntza-sisteman. 10.000 irakasle baino gehiago prestatu ditu urte honeetan guztietan, eta hezkuntza sistemeagaz daukan lankidetza estuak gehiago sendotu dau bere rol bereizgarria.

Testuinguru hezitzailea gero eta konplexuagoa dan honetan, BAMek 2025–2030 Plan Estrategikoa martxan dauka. Estrategia horrek erakundearen norabide nagusiak zehazten ditu: prestakuntza-eskaintzea eguneratzea eta zabaltzea, ikerketa-jarduerea sendotzea, eta hezkuntza-komunidadearekiko zein gizartearekiko loturak indartzea. Planak, azken batean, hezkuntza-sistemaren premina eta erronkei erantzuteko bidea marketan dau, BAMen izaereari eta balioei leial.

Kokagune barriaren onurak

Testuinguru horretan, Bilbon kokatuko dan egoitza barria BAMen garapenerako elementu estrategiko garrantzitsua izango da. Campo Volantín pasealekuko 36. zenbakian, itsasadarraren lehen lerroan eta La Salve zubiaren ondoan kokatuko dan egoitzak erakundeari aukerea emongo deutso bere jarduera akademikoa, ikertzailea eta komunitarioa ingurune irisgarri, konektatu eta biziago batean garatzeko. 1.128 metro koadroko partzelan kokatutako eta ia 4.000 metro koadroko azalera eregia dauan multzoa eraikin bik osotzen dabe, eta hezkuntza-erabilerarako egokitasun zuzena dauka.

Egoitza barrian egingo dan esku-hartzeagaz helburua da BAMen prestakuntza-eredua islatuko daben espazioak sortzea: malguak, argitsuak, jarduera kolaboratiborako pentsatuak eta hezkuntza-baliabide eguneratuez horniduak. Azpiegitura barrituak aukerea emongo dau ikaskuntza-esperientzia aberasteko, ikerketarako gune egokiagoak eskaintzeko eta komunidade-topagune bizi eta eskuragarria eregiteko.

Lekualdaketak hainbat hobekuntza zehatz ekarriko deutsoz BAMen komunitate akademikoari. Ikasleentzat, espazio eguneratuak, praktikarako gune hobeak, irisgarritasun handiagoa eta unibertsidade- zein kultura-ingurune aberats batean integrauta egoteko aukerea eskainiko ditu. Ikasleen gizarte-partaidetza eta euskera eta euskal kulturearen transmisinoa BAMen prestakuntza-ereduaren zutabe nagusietako bat dira, eta egoitza barriak horretarako espazio, aukera eta alkarlanerako sare egokiagoak jarriko ditu eskura.

Irakasleentzat, lankidetza eta barrikuntza pedagogikorako espazio espezializauak, lan-ingurune erosoagoa eta diziplina arteko elkarreragina errazten daben baliabideak ekarriko ditu. Ikerketearen arloan, barriz, espazio zabalagoak, talde-lanerako egitura funtzionalagoa eta hezkuntza-sistemeagaz nahiz ingurune akademikoagaz harreman estuagoa izateko aukera handiagoak eskainiko ditu.

Egoitza barrian egin beharreko egokitzapen-lanek datorren ikasturte osoa hartuko dabe, eta jarduera akademikoa 2027ko irailean hastea aurreikusten da eraikin barrian. Prozesu hori BAMen komunidade akademikoari eta gizarteari modu mailakatuan jakinaraziko jako datozen hilabeteetan.

Etapa barri honen bidez, BAMek mezu argi bat helarazi nahi dau: konpromiso sendoa dauka irakasleen prestakuntzan kalidadea eta proiektuaren oinarrian dagozan baloreak buztartuz lanean jarraitzeko. Lekualdaketea eta 2025–2030 Plan Estrategikoa alkarregaz ulertzen dira, etorkizuna eregiteko aukera estrategiko legez. Eta komunidade osoaren babesagaz, BAM prest dago etorkizuneko erronkei modu arduratsu eta barritzailean erantzuteko.

Barreinkuako egoitza bateratuaren proiektuak jarraitzen dau

Bilboko Eleizbarrutitik jakitera emon dabenez, Barrainkuako egoitza bakarraren proiektuak aurrera darrai BAM Campo Volantinera joan arren. Jose Miguel Erdozain Eleizbarrutiko gerenteak jakitera emon dauenez, BAMen erabagiak ez dau aldatzen egitasmoaren hasierako garapena. Egoitza bakarrean Bizkaiko eleizako hezkuntza, gizarte, kultura eta pastoral arloetako zerbitzuak batzearen konpromisoari eusten deutsiela, era horretara sinergiak hobetuz. Dana dala, egoera barri honetara egokitzeko egin beharreko moldaketak egingo ei dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00