Bertoko espezieen 300 zuhaitz landatuko dabez zapatuan Muxikan

Naturea zaintzeagaz lotutako proposamenez betetako jardunaldia izango da

BBK Mendi Martxak ekimenaren barruan, ingurumen erronkea zapatuan Busturialdean

BBK Mendi Martxak ekimena / BBK

BBK Mendi Martxak 2024 ekimenaren barruan, urriaren 5ean (09:30ean) BBK Mendi Martxak erronkearen beste edizino bat egingo da Busturialdean. Naturea zaintzeagaz lotutako jarduerak egingo dira BBK Klima parkearen inguruan. Eguneko ekintza nagusia, bertoko espezieen 300 zuhaitz eta zuhaixka landatzea izango da Muxikan, Lurgaia Fundazioarekin lankidetzan. Ekintza honegaz, BBK Mendi Martxak-en helburua da aurtengoa be karbono aldetik ekimen neutroa izatea, aurreko edizinoa izan zan moduan.

Zuhaitz landaketa hau BBK Mendi Martxak ekimen arrakastatsuaren ingurumen erronkea da. Urtean zehar, Bizkaiko Mendizale Federazinoak homologautako bideak emoten dauz ezagutzen BBK Mendi Martxa ekimenaren bitartez. BBK Klimagaz batera, igaz hasi ziran ingurumen-erronkak antolatzen. Leire Zarate BBK Klimako arduradunak azpimarratu dauanez, igaz izandako harrerea ikusita, bigarrenez egitea erabagi dabe.

Zuhaitz landaketaz gain, familia osoarentzako hainbat jarduera be egingo dira BBK Kliman, ingurumen sentsibilizazinoagaz lotuta. Ortutik Ahora Catering Agroekologikoa alkartearen eskutik, bertaratzen diranek showcooking baten parte hartzeko erea izango dabe bertoko orturiakaz eta eskualdeko produktu ekologikoakaz. BBK Kliman be zuhaitz kimuak landatuko dabez, 2025ean zehar BBK Basoari esker Bizkaiko hainbat menditan birlandatu ahal izateko. Parte-hartzaileek, ganera, BBK Klimako intsektu-hotela bisitauko dabe, intsektuek ziklo naturalean daukien zeregina eta euren kontserbazino-egoerea ezagutzeko. Eta jardunaldia amaitzeko, Urdaibaiko Biosfera Erreserbako hegaztiak ezagutuko dabez.

Parte hartu gura dabenek zabalik daukie izena emoteko epea. Izen emotea debalde da eta Internet bitartez egin daiteke, Bizkaiko Mendi Federazinoaren web orrialdean.

Mendi Martxak programako hurrengo urteerak

BBK Mendi Martxak programako hurrengo urteerak data honeetan egingo dira: urriaren 20an Mungian, urriaren 27an Ortuellan, zemendiaren 10ean Basaurin, eta abenduaren 8an Bilbon. Horiek guztiak zailtasun teknikorik bako pista eta bidezidorretan zeharreko ibilaldiak izango dira. Ibilbidei buruzko informazinoa Bizkaiko Mendi Federazinoaren webgunean ikusi daiteke.

Bizkaiko Mendizale Federazinoagaz lankidetzan garatua, BBK Mendi Martxak ekimenak hiru ardatz daukaz -prestatzea, jardueta eta ezagutzea-, bizkaitarren artean lurraldea jagon eta babesteko konpromisoa preminazkoa dala zabaltzeko. 2030 Agendaren esparruan Nazino Batuek ezarritako Garapen Jasangarrirako Helburuetako hainbategaz bat datorren ekimena da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00