Goi mailako itsas produktuak eskeiniko dabezan hamazortzi erakustoki egongo dira Lameran azokearen 30. ekitaldian

Begoña Gangoiti Canga, Arrain Azoka proiektuaren sortzaileak jasoko dau aurtengo Hegaluze Saria

Bermeoko Arrain Azokea sustraietara itzuliko da aurten

Udaleko, BBKko eta Arrantza Eskolako ordezkariak Bermeoko Arrantzalearen museoan egindako aurkezpenean / Bizkaia Irratia

Ate joka daukagu Bermeoko Arrain Azokea; maiatzaren 17, 18 eta 19an izango da, eta aurten 30. urteurrena ospatuko dau, sustraietara bueltea eginez. Modu horretara, hegaluzea prestatzeko teknika tradizionalak gogora ekarriko dira. “Hegaluzea betiko moduan, hau da, etxean egiten dan moduan zatitzen ikasteko aukera izango dogu, eta baita be etxean beti egin izan dan moduan prestatzen”, esan dau Nadia Nemeh Shomalik, Bermeoko alkatea eta Arrain Azoka elkarteko presidenteak.

Alkateak nabarmendu dau Arrain Azokea Bermeoko “ekitaldirik garrantzitsuenetako bat dala: “Gure produktuen, kulturaren eta nortasunaren erakusleiho onena da. Harro gagoz gure kontserbak eta itsasoarekin lotutako ondarea erakusteaz, eta era berean, mahoizko arropak jantzi eta udako jai-denboraldiari hasierea emotea be gustetan jaku. Arrain Azokea Bermeoko kulturaren eta ekonomiaren aldeko apustua da”.

Hiru hamarkada, hiru kartel

Arrain Azokearen hiru hamarkada honeetan, horren guztiaren parte garrantzitsu izan diran arrantza, arrain kontserba lantegiak eta herria islatu gura izan dira aurtengo karteletan. Horregatik hiru kartel egin dira, bakoitzarekin bat eta hamarkada bakoitzeko bat.

Aurtengo Arrain Azokan 18 erakustoki egongo dira. Enpresek eta erakunde ezbardinek euren produkturik onenak eskainiko ditue herritarrek eta bisitariek dastatzeko eta erosi ahal izateko. Horrez ganera,  arrantza mundua erakutsiko dabe. Arrain Azokak ordutegi jarraitua eukiko dau: barikuan 11:00etatik 20:00etara, zapatuan 11:00etatik 21:00etara eta domekan 11:00etatik 15:00etara.

Arrain Azokea erakustokiak baino askoz gehiago da. Aurtengo edizioan sustraietara salto egin gura danez, hegaluzea zatitzeko eta prestatzeko teknika tradizionalak azalduko dauz Biotza Arostegi sukaldari bermeotarrak, zapatuan eta domekan, Lamerako Gune Gastronomikoan..

Nobedadeak be egongo dira. Adibidez, Bermeo Tuna World Capital (BTWC) alkarteak jasangarritasuna bermatzen dauen bertoko atunarekin egindako pintxo bereziak jarriko ditu bertaratutakoen eskura, 2 eurotan. Urtero legez, eguneroko ekintzak be ez dira faltako: arrain salmenta itxurak, Hegaluze eta Taho itsasontzietan urtenaldiak eta Arrantzaleen Museora doan sartzeko aukerea.

Solidaritza Gunea, Lameran

Bermeoko Arrain Azoka solidarioa be bada, eta, horregatik, aurten be ez da Solidaritza Gunea faltako. Hori bai, aurten, lekuz aldatuta, Lameran kokatuta egongo da. Boluntarioei esker, bertan be hegaluzea dastatzeko aukerea egongo da, marmitakoan edo erreta. Bertako jakiak etxera eroateko asmoa daukien guztiei eskatzen jake, ontziak etxetik ekartzea. Solidaritza Gunetik ateratako dirua 6 eta 12 urte bitarteko Bermeoko umeen tratamenduetara bideratuko da; euren familiek jasoko dute.

Hegaluze Saria Bego Gangoiti Cangarentzat

XXX. Arrain Azoka sustraietara bueltauko da, eta Arrain Azoka elkarteak erabaki dau sustrai horreek landatzeaz arduratu dan pertsonea izatea XXVII. Hegaluze Saria jasoko dauena: Bego Gangoiti Canga. Bera da Arrain Azoka proiektuaren sortzailea; bere karrera amaierako proiektua izan zan. 1994an egin zan lehenengo Arrain Azokea, eta azoka txiki bat modura jaio bazan be, azoka handi eta ospetsua bihurtu dau Gangoitik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00