Bilboko Eleizbarrutiko Kartzela Pastoraltzaren barruan dagoan Bidesari alkartearen urteurrena ospatzeko ekitaldi nagusia urriaren 11n izan zan. 30 urte bete dauz alkarteak. Bidesari alkartea, irabazi-asmo bako erakundea da eta Bilboko Eleizbarrutiko Kartzela Pastoraltzatik sortu zan 1994an.
Programa hainbat proiektuk osotzen dabe, askatasun bako pertsonen eta/edo preso ohien autonomia pertsonala eta integrazino komunitarioa ahalik eta handienak izan daitezan sustatzen dabe (bereziki, substantziak kontsumitzeagaitik nahasmenduak dabezanak). Izan be, pertsona horreek gizarte-bazterketa larrian dagoz eta erantzun espezifikoak be behar dabez. Heraclo Varona Bidesari alkarteko kidea izan dogu honetaz berbetan Lau Haizetara irratsaioan.