Kezkea egotea normala bada be, ez ei gagoz beste leku batzuetan baino egoera txarragoan

Beste leku batzuetan baino txarrago ez gagozala esan deusku Zupiriak

Bingen Zupiria: “Arazoak badagoz, baina ez dago delikuentzia maila izugarria”

Bingen Zupiria / Bizkaia Irratia

Segurtasun ezak ardurea eragiten dau herritarren artean, eta batez be, Bilbon eta beste uri handi batzuetan. Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak horretaz egin deusku berba, besteak beste. Zera azaldu deusku, aurreko urteetan delituen kopuruak gora egin dauala, batez be, pandemia ostean, eta igoera horretan garrantzia hartu dabe bi-hiru delitu motek: indarkeria erabiliz egiten diran lapurretak, etxebizitzetan lapurretan dabilzan nazinoarteko bandak (nahiz eta asko ez diran) eta emakumeen kontrako indarkeria matxista handia. Behar bada lehen baino kasu gehiago ez ei dira egongo, baina gehiago salatzen ei dira. Nahiz eta guzti honek ezinegona eragin, ez ei daukagu delikuentzia maila izugarria eta ez ei gagoz beste leku batzuetan baino okerrago, nahiz eta arazoa euki. Arazo horrek kezkea eragiten dauela eta horri erantzun egin behar jakola gaineratu dau.

Errekalden Foam proiektil batek jota barrabila galdu eban gaztearen gaia dala-eta, hiru ikerketa bide dagozala zabalik berretsi deusku. Bata disziplinarioa, ertzaintza barrukoa, bigarrena ertzaintzaren eta udaltzaingoaren jokabideak aztertzeko beren-beregi eratutako batzordearena eta hirugarrena justiziarena, gaia epaitegietan dagoelako. Jokabide desegokirik egon bada, argitzea nahiko leuke Segurtasun sailburuak. Barruko prozedureak bat egingo dau auzibideagaz.

Bilboko San Frantzisko auzoko uleapaindegi baten ertzainek jokabide arrazistea euki ebela be salatu izan da, eta inoz baino gehiagotan egiten dira holako salaketak. Zupiriak esan deusku kasu gitxi batzuk askotan auzitan ipinten dabela udaltzain edo ertzainen jokabidea. Gai konkreturen bat egon leikela, baina orokorrean ertzaintzaren jokabidea ezin dala arrazistatzat jo.

Migrazinoaren gaia Europa osoan eta Ameriketako Estatu Batuetan be zabalik dagoela azaldu deusku Bingen Zupiria sailburuak, eta hemen be ezin jakola gai honi ihes egin. Aldaketa sozial handi baten aurrean gagozala esan deusku, eta begibistakoa dala. Kanpotik jente asko etorri dala, asko eta asko geuk gura ez ditugun lanak egiten. Etorri diran pertsona gehienak lanean dagoela nabarmendu dau Zupiriak, eta erakundeak lan kontratuak bideratzeko lan handia egiten dabela. Etorkinek integrazinorako etxebizitza eta lana behar dituela, eta beharrizan horreei erantzun egin beharko jakela migratzaileen integrazinoa nahi bada. Erakundeak horretan dabilzala, eta Jaurlaritzan horixe adostu dabela EAJ-k eta PSE-EEk.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00