Mungiak Bitxikiak Bildumazaletasun azokea hartuko dau astegoienean

Apirilaren 15ean eta 16an egingo da Jose Antonio Agirre kiroldegian eta Legardako eskola-gunean

Bitxikiak azokea, bildumagileen topagune

Bitxikiak alkarteak eta Mungiako Udalak antolatuta, Bitxikiak Bildumazaletasun azokearen 19.edizinoa egingo da apirilaren 15ean eta 16an. Bildumazaletasunaren hitzordu garrantzitsua da honakoa, danetariko bildumagileen topagune bihurtuko da Mungia. Jose Antonio Agirre kiroldegian eta Legardako eskola-gunean egingo dira ekintzak. Zapatu goizean zabalduko dabe azokea, 10:00etan.

Urtero lez egitarau zabala prestau dabe Bitxikiak alkartekoek. Jose Carlos Lauzirika kideak esan deuskunez, aurton arreta berezia eskainiko jakela gazteenei, belaunaldi gazteak bildumazaletasunera hurreratzeko asmoz. Holan Lego-ren dioramen erakusketa zabala egongo da. Agruntek, barriz, zehaztasun handiz egindako trenaren maketa ikusgarri bat aurkeztuko dau. EuskoPlayren eskutik, mota guztietako paisajeak eta jarduerak batzen dauazan dioramak ikusi ahal izango dira. Panpinen etxeek be presentzia handia izango dabe azokan. Eta umeen eta gazteen bildumazaletasunari buruzko berbaldiak, mahai-inguruak eta erakusketak be izango dira.

Horrezaz gain, Bitxikiak alkartearen erakusketak be ez dira faltako. Edizino honetan Mungiako alkarteak Indiako jainkoei buruzko erakusketa bat antolatuko dau. Taket alkartearen esku dagoan Mungiako Bertso Eskolak be izango dau protagonismoa, bere historiari buruzko atzera begirako erakusketea ikusgai izango da. Ohiko erosketa-salmenta gunea edota trukerako atala be izango dira. Ganera, domekan, auto klasikoak batuko dira Mungian eta herriko kaleetan zehar ibiliko dira.

Bitxikiak azokarako sarrerak zein jarduera guztiak debalde izango dira. Zapatuan, 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etatik 20:30etara egongo da zabalik azokea. Domekan, goizez bakarrik, 10:00etatik 14:30etara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular