
Bizkaia Irratiko Lau Haizetara irratsaioan Aitor Cevidanes Neiker zentroko ikertzailea alkarrizketau dogu. Eltxo tigreari buruzko hainbat zehaztasun argitu deuskuz: zer dan, non agertzen dan, zer arrisku dakarren edota zer neurri hartu daiteken espezie honen zabalkundea saihesteko.
Cevidanesek azaldu dauanez, eltxo tigrea ez da bertokoa, espezie inbaditzailea da eta pasiboki hedatzen da (hau da, gizakien ibilgailuen bidez —kamioi, auto eta bestelako garraioakaz— leku batetik bestera mugiduten da). Horrek uri-eremuetan ezartzea errazten deutso, eta dagoeneko Bizkaiko 38 udalerritan atzeman dabe. 2014. urtean detektau eben lehenengo eltxo tigrea Euskadin. Hain zuzen be, Neiker zentro teknologikoak hamarkada bat daroa intsektu hau ikertzen. Bagiletik zemendira bitartean zaintza-kanpainea jartzen dabe martxan, eta tranpa bereziak ipinten dabez eltxo tigreen arrautzak detektatzeko. Horreek Neikerren laborategian aztertzen dira eta mapa bat osotuten dabe.
Herritarrentzako mezu argia be itxi dau Neikerreko ikertzaileak. Eltxo tigrearen haztegiaren %70 eremu pribaduetan dago. Horregaitik, funtsezkoa da ur pilaketak ekiditzea, lorontzi, baratze, terraza eta bestelako tokietan. Bestalde, Mosquit Alert izeneko aplikazinoa be aitatu dau. Herritarrek eltxoen argazkiak igo leikiez, identifikazino-lanean laguntzeko. Eta etorkizunari begira, udalentzako gida praktiko bat prestatzen dabilz Osasun Saila, Neiker eta hainbat udal, eltxo tigreari aurre egiteko neurriak proposatuz.