Jaime Tapiak Bizkaia Irratiari esan deutsanez Bizkaian kartzela barri bat eregitearen aukerea mahai ganean egon da. Eusko Jaurlaritzako Kartzela Politiketarako aholkulariak esan deuskunez Leioan eregitea aztertu dabe baina azkenean ideia hori atzera bota dabe. Basauriko espetxeak datorren urtean 60 urte beteko dauz eta zaharkituta geratu da. Gaur egun 150 preso inguru daukaz eta erreforma lanak aurton hasiko dira. Lanek irauten daben bitartean presoak inguruko espetxeetara eroango dabezala azaldu deusku Tapiak. Horretarako espetxeen gertutasuna lehenetsiko da eta beharrizanik egonez gero Logroño edo Iruñeako kartzelen aukerea be aztertuko dabe.
Lanpostuen Eskaintza Publikoa
Urte t’erdi pasauko da laster Jaurlaritzak euskal espetxeen kudeaketarako eskumena bere gain hartu ebanetik. Presoen beharrak asetzeko Euskadiko kartzeletan psikologo, gizarte hezitzaile eta teknikari gehiago behar dira. Jaurlaritzatik dinoe lanpostuen balioa kontuan hartuta zerrenda bat egiten dabilzala eta leitekeena dala datorren urtean kontratazinoak egiteko Lanpostuen Eskaintza Publikoa egitea.
Auzitegi Nazinoalaren erabagiak
Bergizarteratzeaz be berba egin dogu Jaime Tapiagaz. Jaurlaritzak hainbat presori hirugarren gradua emon deutse, horreetariko batzuk ETAgaz loturea euki daben presoak dira. Entzutegi Nazionalak, kasu baztutan, Jaurlaritzak emondako gradu hori barrikusi dau eta preso batzuk espetxera bueltau behar izan dabe. Santurtziko Asier Rodriguezena izan da azken kasuetariko bat. Jaime Tapiak dino epaileen erabagia errespetetan dauela baina ez dauela egoki ikusten. Tapiak gaineratu dau hirugarren graduak zigor bat izaten jarraitzen dauela eta pertsona bat espetxera itzuli behar izatea tamalgarria dala.